Sanfermines 78 Gogoan! elkarteak aurkeztutako salaketa babestu du Donostiako Udalak
Donostiako Udalak bat egin du Sanfermines-78 Gogoan! elkarteak Iruñeko 5. epaitegian aurkeztu duen salaketarekin. 1978ko San Fermin jaietan eta hiru egun beranduago ondoren Donostiako Erdialdean jazotakoa gaitzetsi dute. EH Bilduk, EAJk, Elkarrekin Donostiak, PPk eta PSE-EEk sinatu duten idazki hau Iruñeko 5. epaitegira, Iruñeko udalera eta Nafarroako legebiltzarrera helaraziko dute, aipatutako elkarteak aurkeztu duen salaketa babesten dutela adierazteko.
“Sanfermines-78 Gogoan!” elkarteak, German Rodrigezen familiak eta egun horretan balaz zauritutako beste lau pertsonek 2019ko urtarrilaren 22an aurkeztu zuten salaketa Iruñeko epaitegietan, eta Nafarroako hiriburuko 5. epaitegian tramitatzen ari dira orain salaketa.
Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak adierazitakoaren arabera, Joseba Barandiaranen familia jarri zen haiekin kontaktuan, Donostiako udalak German Rodrigezen eta Josebaren hilketen aurkako eta salaketaren aldeko adierazpena egin zezan. Zinegotziaren esanetan, konfinamenduaren aurretik egin behar zuten publiko agiria, baina azkenean uztailera atzeratu behar izan zuten. Hasiera batean PPk adierazpena ez zuela babestu azpimarratu du, baina azkenean aho batez onartu zen.
Joseba Barandiaranen familiak EH Bilduko udal-taldearekin hitz egin du adierazpena aurrera ateratzeko, eta Alkizak azpimarratu du familia minduta egon dela, urte luzez udalaren babesik jaso ez dutela uste baitute. Salaketari babesa emateaz gain, Donostian haren oroimenezko plaka bat jarriko dute.
78ko Sanferminak
1978ko uztailaren 8an Espainiako Poliziak tiroz hil zuen German Rodrigez, Sanfermin jaietako zezenketa amaitu ostean. Kargak zezen plazan hasi ziren, baina gero Iruñeko beste eremu batzuetara zabaldu ziren istiluak. Beste hamaika pertsona tiroz zauritu zituzten. Gertaera hauek salatzeko, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan protestak eta manifestazioak egin ziren, Donostia barne.
Manifestazioak eta grebak zabaldu ziren Euskal Herrian, eta 1978ko uztailaren 11an Donostiako Erdialdean egin zen manifestazio batean poliziak tiroz hil zuen Joseba Barandiaran donostiarra; 18 urte besterik ez zituen poliziak bularra tiroz zeharkatu zionean.