Abstentzioa eta kolore berdea izan dira nagusi Donostian
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzek erradiografia antzekoa utzi dute EAEn eta Donostian. EAJk nagusitasuna mantendu du, eta EH Bilduk lidergoa eskuratu du hiriko hainbat ataletan. PSE-EE bostgarren indarra izatetik hirugarrenera pasa da, atalak galdu dituen arren. Podemos eta PP-Ciudadanosek nabarmen egin dute behera, eta Voxek botoen %2,2 lortu du.
Abstentzioarekin batera, EAJ eta EH Bildu izan ziren igandeko protagonistak, izan ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan bi alderdi horiek mantendu dute nagusitasuna Donostian. Hain zuzen, EAJk irabazi ditu bozketak, eta 2016ko hauteskundeekin alderatuta, 4,5 puntu egin du gora, botoen %37,19 eskuratuta. EH Bilduk jarraitu die jeltzaleei, botoen %24,52 eskuratuta; 2016. urtearekiko 4,8 puntuko igoera lortu du koalizioak. Boto kopuruan gora egin duen indar politiko bakarra izan da, 1.357 boto gehiago lortuta.
1994. urtetik parte hartze txikiena izan duten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hautesleen %52,96k eman du botoa EAEn, 2016an baino %7 gutxiago. Donostian, berriz, partaidetza zortzi puntu inguru jaitsi da: %45,78koa izan da abstentzioa aurten, eta %37,46 puntukoa izan zen duela lau urte. Felix Arrieta politilogoaren ustez, nabarmentzekoa da Donostian EAEn baino abstentzio maila baxuagoa izan dela; hala ere, gehitu du ia %46ko abstentzioa ez dela ezer ospatzekorik. Bestalde, EAEko azken urteetako hauteskundeetan ikusi bezala, abstentzio maila altuena izan duten auzoak dira per capita errenta baxuena dutenak: Altzan %58,57ra iritsi zen abstentzioa, Bidebietan %56,93ra, eta Martutenen %54,16ra.
Berdea nagusi
Eskuineko mapek erakusten duten bezala, EAJ eta EH Bilduren arteko lehia izan da hauteskunde hauetako gakoetako bat. Jeltzaleek garaipena lortu dute hiriko hamabost auzotan, eta horien artean izan dira hiriko auzo jendetsuenak, Egia eta Intxaurrondo izan ezik. Besteak beste, jeltzaleen indarra nabarmena izan da Antiguan (4.296 boto), Amara Berrin (4.118 boto) eta Grosen (3.218 boto). 2016ko hauteskundeekiko 1.400 boto galdu arren, aurtengo abstentzio maila altuak 3,5 puntuko igoera eragin dio alderdiari. «EAJk bere une ahulenean bere indarra mantendu egin du, eta hori azpimarratzekoa da», adierazi du Arrietak. Bere ustez, «joera, mobilizatzeko gaitasuna eta fideltasuna» dira horren gakoa.
Halaber, 2016an garaile izandako auzo kopurua mantendu dute jeltzaleek, baina aldaketak ere izan dira: Bidebietan EAJk nagusitza kendu dio PSE-EEri, eta lehen postua utzi dio EH Bilduri Intxaurrondon. Altzan Bidebietan izandako joera antzekoa ikusi da, azken urteetan ikusitakoaren bidean: PSE-EEk historikoki izandako indarra EAJk ordezkatua izaten ari da.
EH Bilduri dagokionez, bost auzotan lortu du lidergoa: tradiziozkoak diren Añorgari, Zubietari, Igeldori eta Egiari Intxaurrondo batu zaio oraingoan. Parte Zaharrean eta Martutenen, bien arteko aldea nabarmen txikitu da oraingoan: EH Bilduk 47 boto paper gutxiago atera ditu, eta Martutenen 21. EH Bilduk EAJrekiko murriztu duen distantzia nabarmena bada ere, Arrietak azpimarratu du oraindik handia dela: « Oraindik badago EH Bilduk hautsi ezin duen langa bat. Koalizioak langa hori hausteko bideak birpentsatu beharko ditu».
Aldaketa nabarmenak atzeko postuetan
Hirugarren postuan gelditu da PSE-EE, 2016. urtean lortutako bostgarren postutik igota. Hala ere, botoetan ez da aldaketa handirik sumatu: sozialistek 156 boz gutxiago lortu dituzte aurreko hauteskundeekin alderatuta. Era berean, azpimarratzekoa izan da Elkarrekin Podemosek izandako gainbehera: 2016an lortutako botoen (13.864) erdiak eskuratu ditu oraingoan (6.448), eta ondorioz, nagusitasuna galdu du hirian zituen hiru atal bakarretan. PP-Ciudadanosek ere erdira murriztu du hautesle kopurua, eta Voxek, botoen %2,22 eskuratu du, 1.751 boto, hain zuzen. «Voxen botoek zer pentsatua eman behako ligukete Donostian», esan du Arrietak.
Hego Euskal Herriko herri guztietako emaitzak Berria-n ikus daitezke.