Geltoki klasikoa eta modernoa
Norteko geltokia 1858. eta 1864. urteen bitartean eraiki zen. Hura handitzeko lanetan gehitu zitzaion egungo markesina, Gustave Eiffelen enpresak egin zuena. Ingeniari frantsesak EAErako egindako lan bakarra da, eta Espainiako Estatuan geratzen den bakarra.
Geltokiko nasa bat eta markesina 1950. urtean. (Argazkia: Kutxateka/Paco Marí) Renfekoa, Donostiakoa… Izen ugari erabiltzen dira tren geltokia izendatzeko. Jaso zuen lehen izena, ordea, Norteko geltokia izan zen. Hura eraiki zuen enpresari zor dio izena, Norteko konpainiari, alegia. 1856an Pereire frantsesaren Credito Mobiliario Español filialak, Madrildik Irunera zihoan trena egiteko kontzesioa lortu ondoren, proiektua egiteko sortu zuen aipatutako konpainia. Obra horien parte zen Norteko geltokia. Hura eraikitzeko lanak 1958an hasi ziren.
Alexander Casimir Letourneur ingeniari frantsesa izan zen obraren arduraduna, eta diseinu klasikoko eraikina egin zuen. Erdiko parteak bi solairu zituen, eta hiru sarrera; alboetako hegalek, berriz, solairu bakarra eta sei ate bakoitzak. Kanpoaldean metalezko markesina bat jarri zuen, baina soilik nasa nagusia estaltzen zuen honek.
Norteko geltokia 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zuten, Madrildik Parisera zihoan estreinako bidaia Donostiara iritsi zenean. Bidaia hartan Espainiako gizarteko hainbat pertsonaia ospetsuk parte hartu zuten: besteak beste, Frantzisko Asisko erreginaren ezkontideak, Isabel II.arekin ezkondua zegoenak. Erreginak ere urte batzuk beranduago bidai hura egin zuen, Norteko geltokitik igarota, baina ihes egin eta erbesteratzeko, 1868an La Gloriosa iraultza gertatu zenean.
XIX. mendeko laurogeiko hamarkadan geltokia handitu eta berritzeko erabakia hartu zuten, eta oraingoan ere ingeniari frantses baten proiektua hautatu zuten: Albert Biarezena. Biarezek alboak handitu zituen, bi pabiloi berri eraikiz. Era berean, garai hartako trenbide eta nasa guztiak estaltzen zituen markesina jarri zuen. Markesina Gustave Eiffel et Compagnie enpresari eskatu zion, Parisko dorre ospetsua eraiki zuen ingeniariaren enpresari, hain zuzen ere. Euskal Autonomia Erkidegorako bere enpresak egin zuen lan bakarra da, eta egun Espainiako Estatuan gaur egundaino osorik iritsi den bakarra.
Pasabidea gehitu eta zaharberritzeko lan batzuk egin zituzten ondoren, besteak beste 1905., 1922. eta 1995. urteetan.


