"Hiriko memoria historikoaren gabeziak haserretu egiten nau"
Miguel Usabiaga (Hernani, 1961) Marcelo Usabiaga (Ordizia, 1916-Donostia, 2015) militante komunista ezagunaren semea da, eta bere aitarengandik datorkio memoria historikoa defendatzeko grina. Hain zuzen, Donostian XX. mendearen lehenengo erdialdeko gertakari erreboltariak oroitzea du helburu aurkeztu berri duen liburuak: ‘Donostia rebelde’. Gertakari horien lekuko izan ziren pertsonak dira liburuaren ardatza, borrokalari horien konpromisoa aitortu nahi izan baitu autoreak. Rara Avis Nazioarteko Entsegu Saria irabazi du, eta entsegu bat izateaz gain, Donostiako gida bat ere bada, hiriko memoria historikoa ezagutzeko hainbat ibilbide proposatzen baititu.
Zertan datza ‘Donostia rebelde’ liburua?
Sofan eserita irakur daitekeen liburu bat da, non XX. mendearen lehenengo erdialdeko gertakarien inguruan hitz egiten den, garai haietan antolatzen eta borrokatzen aritu ziren pertsonak erdigunean jarrita; betidanik matxino edo iraultzaile gisa ezagutu izan ditugunei garrantzia emanda, alegia.
Era berean, gida bat izan zedin ere nahi nuen. Horregatik, bost ibilbide ditu hirian barrena, eta bakoitzaren plano txikia ageri da liburuan. Plano horietan, testuan azaltzen diren hainbat puntu daude markatuta. Beraz, liburua motxilan sartuta, ibilbide horiek egin ditzakezu, gertatutakoaren inguruko informazioa jasotzen duzun bitartean. Izan ere, liburuaren helburuetako bat hiriko memoria historikoaren falta zuzentzea da. Gainera, liburuan aipatzen diren pertsonek borrokatu zuten leku askotan oraindik ez dago plakarik edo bestelako oroigarririk. Modu didaktiko eta errebeldean dago idatzita.
Bestalde, 36ko gerran Donostian gertatutakoa egituratzen duten bost ibilbide horietaz gain, hiritik kanpora doazen bi txango ere sartu ditut liburuan, beharrezkoak direlako hemen gertatutakoa ulertzeko eta kontakizuna osatzeko: bata Bidasoa ibai aldera eta bestea kostaldera. Bidasoakoak Irun inguruan gertatutakoa lantzen du, eta kostaldekoa Saturrarango emakumeen kartzelatik pasatzen da, han gertatutako gauza ilunak ezagutzeko.
Liburua idazteko ideia 2016ko Kultur Hiriburutzan sortu zitzaizun, ezta?
Ez, hori liburuaren aurkezpenean esan nuen, baina pixka bat probokatzeko izan zen, ‘burgesa ikaratzeko’, esaten den moduan. Ideia aurretik nuen buruan bueltaka, nire aitaren istorioak eta beste hainbat borrokalariren istorioak entzutetik. Kontakizun horietan, hainbat leku esanguratsu aipatzen zituzten –Euzkadi Roja aldizkariaren egoitza, CNT sindikatuarena, eta abar–, baina kalean ez dago horien memoria gordetzen duen oroigarririk, eta horrek atentzioa ematen dit. Izan ere, hiriko memoria historikoaren gabeziak haserretu egiten nau. Gainera, tokikotasunetik harago joan ziren pertsona ugari izan ziren Donostian, garaiko ideologia nagusi guztietakoak: errepublikanoak, sozialistak, komunistak eta anarkistak.
2016an, ikusi nuen gida literario bat egitea Kultur Hiriburutzaren programaren parte zela, gabezia hori ikusten zutelako. Horregatik, lehendik buruan nuen ideia hori gauzatzeko asmoa piztu zitzaidan, gida horren kontragida egiteko.
Liburua ez da soilik gerrari buruzkoa, errepublika garaiko gauzak ere kontatzen baitituzu.
Liburuak ez du egitura kronologiko bat, ezta ideologikoa ere; aipatu ibilbideek egituratzen dute. Pasaiako marinelen gertakariarekin hasten da liburua, errepublika garaikoa. Marinelak, hilabeteko grebaren ondoren, Gobernu Zibilera zihoazen manifestazioan, euren emazte eta seme-alabekin batera. Ategorrietako erlojuan, ordea, Guardia Zibilak gelditu zituen, istiluak izan ziren, eta zortzi hildako izan ziren. Gertakari horrekin hasi nuen liburua, iruditu zitzaidalako ondo islatzen zuela liburuaren xedea: XX. mendeko herri mugimenduek hirian garatutako borroken eta gertakari esanguratsuenen berri ematea.
Gertakari nahiko ezagunak aipatzen dituzu liburuan, baina baita horren ezagunak ez diren gertakari batzuk ere. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Tolosa hiribidea Ondarretako kartzelako presoek egin zutela aipatuko nuke. Izan ere, ez da oso ezaguna, baina oso esanguratsua dela iruditzen zait. Presoak kartzelatik ateratzen zituzten goizeko zazpietan, eta Tolosa hiribideko lanetara eramaten zituzten. Hor ibili zen nire aita, 1943. urtean. Bestalde, 1930eko Gobernu Zibilaren aurkako erasoa ezaguna da, baina ez da horren ezaguna horren atzean IRYA taldea zegoela [Ezker Erradikal eta Antiinperialista]. Memoria historikoa beharrezkoa da justizia hutsagatik eta horren gainean eraikitzen dugulako gure gizartea, baina baita gaur egun ikusten dudan adanismoa neutralizatzeko ere.
Erreferenteak izan dituzu liburua idazteko garaian?
Eragin asko izan zuen niregan Manu Chaoren aitak idatzitako Paris rebelde liburu serieak. Obra horietan ere gidak zeuden, baina askoz eskematikoagoak. Kasu honetan, ni ofizioz arkitektoa izanda, planoak nik egin ditut.
Zer dago egiteko Donostian memoria historikoaren alde?
Liburua idazteko beharra sentitu izanak erakusten du gabezia asko daudela oraindik Donostiako memoria historikoan. Horrek ez du esan nahi liburuarekin gabezia guztiak konpondu ditudanik; kontrakoa, nik baino gehiago dakitenek historia idazten jarraitzeko bizigarri bat da.
Zentzu horretan, liburua idaztea matxinada keinu bat zen niretzako. Izan ere, Donostia oso hiri aktiboa izan da beti mugimendu erreboltariari dagokionez, baina mantu oso zapaltzaile bat ere badago: autokonplazentziaren hiriarena, gauza guztietan oso onak garela dioena, alegia. Hori oso narkotizatzailea da, eta deseroso jartzen zaituenaren inguruan sakontzea ekiditen dizu. Orain badago memoria historikoaren batzorde bat Donostian, baina ez dute gauza handirik egiten.
Donostia errebeldeari buruz hitz egiten duzu liburuan. Zein da Donostia errebelde ezezagunena?
Lau korronte nagusik elikatzen dute garaiko Donostia errebeldea: errepublikanoak, komunistak, sozialistak eta anarkistak. Guztiak aztertzeko oso interesgarriak dira, guztietan oso pertsona interesgarriak izan zirelako. Adar sozialistan, esaterako, Amilibia sendia oso interesgarria da, nahiz eta gero aldatu egin ziren: sozialistak izateari utzi zioten.
Korronte horietaz gain, ikasle mugimendua ere jorratzen dut liburuan, oso aktiboa baitzen garai hartan Donostian. Hiru elkarte nagusi zeuden: Euskal Ikasleen Elkartea, Ikasle Monarkikoen Elkartea eta FUE ezkertiarra [Ikasle Federazio Unibertsitarioa].
Nola definituko zenuke 36ko gerra Donostian?
Gerra labur baten moduan definituko nuke, baina intentsitate eta konpromiso oso altukoa. Milizianoek eta herritarrek euren bizitza eman zuten faxisten aurka, kasu batzuetan, helburu politiko batzuengatik ia-ia immolatuz. Udaletxeko eta Maria Cristina hoteleko setioetan, herritar ugarik euren bizitza eman zuten, adore handiarekin. Gerrak ez zuen asko iraun Donostian, baina balentria handiko gertakariak izan ziren, eta horrek aitorpena merezi du.
80 urte pasa dira gerra bukatu zenetik. Zortzi hamarkada hauen ondoren, asko gelditzen da kontatzeko?
Gauza asko gelditzen dira kontatzeko, eta horregatik idatzi dut liburu hau. Istorio ezagun asko daude, baina kontakizunak osatzea falta da. Efemerideetan omenaldiak egitea oso ondo dago, baina gauzak gelditzen dira kontatzeko eta oroitzeko. Donostiar askok borrokatu zuten gerra garaian, eta eredugarriak izan ziren; egoera zail eta gogor horretara egokitzen jakin zuten pertsonak izan ziren, eta ispiluak izan behar dute guretzat. Nire aitaren kide batekin gogoratzen naiz beti, esaten zuelako kontua ez dela historia ezagutzea ez errepikatzeko, baizik eta historia ezagutzea errepikatu ahal izateko. Izan ere, egoera dramatiko batean, non batzuk askatasunarekin bukatzeko altxa ziren, herritarrak horren aurka antolatu ziren eta borroka eredugarria egin zuten. Nire aitaren kideak esaten zuen historia zentzu horretan errepikatu behar dela. Gerra sakrifizio handiegia izan zela pentsatu daiteke, baina hemen baldin bagaude, beste batzuk sakrifikatu zirelako da.
Zuzeneko lekukotzak garrantzitsuak dira horretarako, baina gero eta zailagoa da lortzea.
Bai, dagoeneko ez dago ia zuzeneko lekukotzarik. Nik nire aitaren lekukotzak dauzkat buruan, eta zorte handia da hori.
Ion Urrestarazu historia dibulgatzaileak 36ko gerran Altzan gertatutakoaren inguruko liburu bat argitaratu du duela gutxi, eta Altzako garai hartako historian hutsune bat dagoela azaltzen du liburuan. Zer dakizu hutsune horri buruz?
Altzako gertakarien inguruan zerbait irakurri dut, baina ez gehiegi. Liburuan, gainera, jartzen duzunaren eta jartzen ez duzunaren hautaketa egin behar duzu. Aurkezpenean, esaterako, emakume bat etorri zitzaidan, Grosen falangistek egindako ez dakit zeren inguruan galdezka. Baina dena ezin da sartu.
Altzari buruz pixka bat hitz egin dut liburuan, han antolatu zelako Donostiako miliziano zutabe porrokatuenetako bat. MAOC [Antifaxisten, Langileen eta Laborarien Miliziak] milizietakoak ziren, eta garrantzia handia izan zuten hiriko defentsan. Erresistentzia elikatu zuen zutabe horrek, 500 bat pertsonak osatzen baitzuten. Bestalde, La Equitativa eraikinean zeuden faxistek, ezin zutenez zuzenean Loiolako kuartelera ihes egin, Intxaurrondo eta Altza ingurutik ihes egin zuten, kuartelera atzeko aldetik iristeko. Hortik harago, ez dut asko hitz egin Altzako gertakarien inguruan.
Donostiak borrokalari garrantzitsu eta historikoak izan ditu, hala nola, Gerardo Bujanda eta Mario Salegi.
Bai, eta horiez gain, Felix Likiniano eta Kaxilda Hernaez, besteak beste. Amilibiatarrak ere ez nituzke ahaztu nahi, izan ere, ondo bizi ziren, baina egoerak agintzen zuen moduan jardun zuten. Jesus Larrañaga ere aipatu behar da, zeren nahiz eta berez Beasaingoa izan, hemen bizi izan zen. Juan Astigarrabia ere nabarmentzekoa da. Garrantzitsua da pertsona horiek gogoratzea, baina batez ere, kokatzea: non bizi ziren eta nondik ibiltzen ziren jakitea, kaletik zoazenean irudikatzeko.
Beste batzuk ez dira hain ezagunak, baina liburuan ere aipatzen ditut. Hala nola, Jose Isasa izeneko gizon bat, Parte Zaharreko Fermin Calbeton kalekoa. Ez zen oso gizon konprometitua politikoki, baina faxistak altxatu zirenean, kontzientzia hartu zuen, MAOC miliziekin bat egin zuen, gerran parte hartu zuen eta Frantzian aritu zen klandestinitatean. Azkenean, harrapatu eta fusilatu egin zuten. Jose Isasaren moduan, beste pertsona asko daude.
Asko idatzi duzu 36ko gerrari buruz, eta pentsatzen dut zure aitaren figurak zerikusia izango duela horretan. Nola eragin zizun aitak?
Galdera ia freudiarra da hori [barrez]. Baina [Sigmund] Freud alde batera utzita, nire aitari esker, garai hartan borrokatu zuten pertsona askoren istorioak ezagutzeko pribilegioa izan nuen. Ibilbide koherenteko jendearen istorioak, batez ere, eta horrek garrantzia handia du niretzat. Hau da, kontua ez da soilik nire aitaren istorioa, beste hainbaten istorioak dira. Aitaren oroitzapenen liburuan [La joven guardia (Miguel Usabiaga, 2018)] horri egiten zaio erreferentzia, izan ere, bere bizitza beste hainbaten bizitza ere bada; mundua aldatu zezakeela sentitu zuen belaunaldi baten bizitza da. Belaunaldi hori gogo handiz konprometitu zen, eta borrokatu egin zuen. Argitaletxeko pertsona batek esan zidan nire aitaren oroitzapenen liburuak begiak ireki zizkiola gure historiaren inguruan. Izan ere, horrelako liburuek abantaila bat daukate ohiko historia liburuen aurrean: pertsona baten bizipenen eskutik historia ezagutzen ari zarenez, pertsona horren sentsazioak eta emozioak atzeman ditzakezu; zergatik borrokatzen zuten sentitu dezakezu. Horri garrantzia handia ematen diot, eta Donostia rebelde liburuan gauza bera egiten saiatu naiz, irakurlea testuinguruan askoz hobeto kokatzen delako. Nire aitari esker, bere historia ezagutu nuen, baina baita herrialde honen historia ere.
Gauza asko kontatzen zituen etxean?
Etxe askotan gerra tabu moduko bat zen, baina nire etxean kontrakoa zen, aitak istorio asko kontatzen zituen. Horrek hezi egiten zaitu, txikitatik antidoto moduko bat duzulako. Izan ere, nik frankismoaren azken urteak bizi izan nituen eskolan, eta erregimenaren gauzak irakasten zizkizuten. Nik, ordea, buruan horren aurkako antidotoa nuen.
Zure aitaren moduko borrokalariei esker ditugu gaur egun eskubide eta askatasun jakin batzuk. Eurek defendatu zituzten balore horiek indarra dute gaur egun?
Borrokak eta eurek borrokarako izan zituzten arrazoiek indarra izaten jarraitzen dute, eta helburu asko betetzeko daude. Niri iraganera begiratzea gustatzen zait, gure aurretik izandako borrokalariek bete gabe utzi zituzten ametsak ikusteko. Izan ere, bete gabeko ametsek indar handia dute, eta iraganak hots egiten digu, guk bete ditzagun. Amets horiek orainaldiko eta etorkizuneko balioa dute. Horregatik, iragana ez dut kontzeptu estatiko baten moduan ikusten, egiteke dagoena erakusten duen zerbaiten moduan baizik.
Helburuak lortzeko moduak aldatu egin dira, baina gizarte hobe bat lortzeko ametsak indarra izaten jarraitzen du: klaserik gabekoa, berdintasunezkoa, kooperatiboa eta esplotatzailerik gabekoa. Gainera, ez baditugu orain arte lortutako eskubideak eta askatasunak zaintzen eta defendatzen, galtzeko arriskua dago.