Parte Zaharraren balio arkitektonikoa eta historikoa ezagutzeko erakusketa gaurtik aurrera bisitatu daiteke
Donostiako Santa Marta museoak, Koruko Andre Mariaren basilikan dagoenak, Donostiako Alde Zaharra, kalez kale erakusketa hartuko du gaurtik aurrera. Ancora ondare kulturalaren kontserbaziorako elkartea da komisarioa, eta erakusketaren helburua da Parte Zaharreko eraikin eta kaleetako arkitektura eta historioa balioan jarri eta ezagutzera eramatea. 700 irudik osatzen dute erakusketa, 200 eraikin baino gehiagoren informazioa jasoz, eta Parte Zahar eta portuko 28 kale eta plazetatik ibilbide bisuala proposatzen dute horiek.
Donostiako Alde Zaharra, kalez kale erakusketa Arkitektura Bienalean estreinatu zuten, eta itxi berri duten Santa Teresa konbentuan bisitatzeko aukera izan zen. Beraz, ikusi ahal izango den bigarren aldia da. Irailaren 13ra arte egongo da ikusgai.
Lau auzotako Parte Zaharra eta esklusa bat Portuan
Ancorako Alberto Fernandez D’Arlasek gaur egindako aurkezpenean azaldu duenez, XIX. mende erdialdeko Parte Zaharra “lau auzotan banatzen zen 1769 urteaz geroztik, eta auzoen arteko banalerroa egungo Fermin Calbeton eta San Jeronimo kale artean zegoen”. Horren erakusle ziren erpinetan jarritako plakak. “Egun bat kontserbatzen da, baina zaharberritzea komeni da. Eskaera hori egin nahiko genioke udalari”, plazaratu du Ancorako ordezkariak. Banaketa horren ondorioz, auzo bakoitzak bere alkatea zuen.
Bestalde, 1910-1912 bitarteko argazki batek arrantza eta ikatzari lotutako Portua erakusten du. “Argazki horretan ikus daiteke esklusa bat izan zela kaian, itsasbehera zenean, ura barruan geratu eta itsasontziak hondoa jo ez zezaten”, kontatu du Eneko Oronoz Ancorako beste ordezkari batek.
Aipatutako bitxikeriez gain, beste hainbat altxor gordetzen ditu erakusketak, hala nola arrantzaleentzat eraikitako etxeen historia, Etxekalterena, hainbat eta hainbat erakininen inguruko nondik norakoak, edo desagertutako Zurriola kalearen argazkiak eta informazioa.
Edorta Cortadi Santa Marta museoko arduradunak Santa Maria Elizan erakusketa hau egiteak duen garrantzia nabarmendu du. “Parte Zaharreko erdigunean gaude”.
Bisita gidatuak, doan
Erakusketa irailaren 13ra arte egongo da Santa Marta museoan, eta astelehenetik igandera 10:30etatik 19:00etara bisitatu ahal izango da, kultua dagoenean izan ezik. Gainera, astearte eta ostegunetan, arratsaldeko 17:00etan, bisita gidatuak egingo dituzte, 10 lagunentzat. Parte hartzeko, aurretik izena eman behar da info@dmuseoa.com posta elektroniko bitartez. Jarraian, bisita gidatuen datak jaso ditugu:
- Euskaraz: Uztailaren 28a, abuztuaren 6a, abuztuaren 18a, abuztuaren 27a, irailaren 3a.
- Gaztelaniaz: Uztailaren 21a, uztailaren 23a, uztailaren 30a, abuztuaren 4a, abuztuaren 11, abuztuaren 13a, abuztuaren 20, abuztuaren 25a, irailaren 1a, irailaren 10a.