Zahar etxeetako langileak grebara itzuliko dira irailean, euren lan baldintzetan "aldaketa funtsezkorik" izan ezean
Gipuzkoako zaharren etxeetako langileek euren egoera salatzeko manifestazioa egin dute gaur goizean, eta jakinarazi dute lan balditzetan “aldaketa funtsezkorik” izan ezean, grebara itzuliko direla irailean. Izan ere, Janire Diaz Jauregi zaharren egoitzetako ELAko arduradunak azaldu duenez, pandemiaren ondorioz, “egoera lehen baino okerragoa” dela. “Langileak izugarri sufritzen ari dira, eta lan karga izugarria dute sektorizazioa dela eta”, esan du.
Langileena ez ezik, egoiliarren egoera ere salatu dute. “Pandemiak kalte izugarria egin die aitona-amonei”, azpimarratu du Diazek. “Euren osasuna bermatzea eta aldarrikapenei erantzun irmo bat ematea eskatzen dugu, aitona-amonak ere oso gaizki daudelako”, aldarrikatu du Diazek.
Egoera guzti honen aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzun eza salatu du sindikatuak. “Egoitzetako langileen eredua Espainiar Estatuko onena dela besterik ez du esaten, eta hori, praktikan, ez da egia, gure langileak asko sufritzen ari direlako, enpresen mesedetan”. Gainera, maiatzaren 5ean ELAk bilera bat egiteko eskatu zion Aldundiari, “negoziatu eta konponbide bat bilatzeko borondatez”, baina bilera egiteko zain daude oraindik. “Guretzat oso larria da erantzunik jaso ez izana”, dio Diazek.
Zahar egoitzetako langileek 243 egun zeramatzaten greban pandemia iritsi eta alarma egoera hasi zenean. “Arduraz” jokatzeko unea zela argudiatuz, greba atzeratu eta lanera itzultzea erabaki zuten, egoiliarren osasuna bermatzeko.