Arraun Lagunakek ez du Orioko estropadan parte hartuko, koronabirus kasu batengatik
COVID-19a arraun denboraldira iritsi da. Donostiako Arraun Lagunak taldeko arraunlari batek positibo eman du, eta traineruak ez dute parte hartuko Orioko estropadan, Euskotren Ligako seigarren jardunaldian.
TKE ligak eman du albistearen berri, eta jakinarazi dutenez, arraunlaria ostegunetik zegoen bakartatuta. Ostiralean PCR proba egin zioten, eta atzo gauean baieztatu zuten positibo eman zuela. TKE ligatik kanpoko kasua dela adierazi dute, eta arraunlariak Arraun Lagunakeko medikuaren jarraipenarekin jarraituko duela.
TKEk ezarritako Segurtasun Protokoloari jarraituz, Arraun Laguneko gainerako arraunlariek dagokien kontrola pasako dute, PCR proben bidez 48 orduren barruan, klubean kasu gehiago baztertzeko.
Horrela, Arraun Lagunakek ez du parte hartuko gaurko estropadan, TKEko Lehiaketa Araudiari jarraituz, Euskotren Ligako sailkapen orokorrerako bi puntu emango dizkiote, hau izanik gipuzkoarrek orain arte jokatutako estropadetan lorturiko puntuen batez bestekoa.