David Zurutuzak pribilegiatu bat dela nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkio Realari bere agurrean

Europarako bidaia txartela lortuta, Realari beste une garrantzitsu bat bizitzea egokitu zai0 gaur: David Zurutuzak taldeari agur esateko prentsaurrekoa eskaini du goizean. “Pribilegiatu bat sentitzen naiz, urte hauetan guztietan Realeko kamiseta eraman baitut. 13 urte nituenetik aritu naiz Reala izeneko eskola handi honetan”, nabarmendu du ’17’ak, “emozio asko” zituela plazaratuz.
Realean jokatzeko, euren ingurukoek egindako esfortzua azpimarratu du. “Urte horietan guztietan nire familiak esfortzu eta sakrifizioa handia egin du, eta eurei esker bihurtu naiz egun naizen pertsona eta jokalaria. Eta aita ere beti gogoan dut, bera gabe ez bainintzen hemen izango”, esan du Rochefortekoak emozioz. Bestalde, emazteari ere eskerrak eman dizkio. “Futbol jokalari baten emaztea ez da batere erraza, sakrifizio handia eskatzen baitu, eta dena uztea gurekin egoteko”, gogorarazi du.
“Lehenengo taldera iritsi nintzenean kluba momentu latzean zegoen, eta gazteen indar eta grinaren alde apustu egin zuen. Hortik sortu gara azken belaunaldiko jokalari asko. Orain lekukoa ematea dagokigu”, nabarmendu du Zurutuzak. Belaunaldi berriak duen indarra azpimarratu du, hain zuzen ere.
Koronabirusa dela eta, agurra ezingo du zale eta inguruko pertsonekin bizi. Baina erretiratzeko erabakiaz ziur dagoela nabarmendu du, izan ere, erabakia denboraldi hasieratik hartuta baitzuen: “nire momentua da”. Gainera, egindakoarekin gustura dago. “bai zelaian baita zelaitik kanpo momentu pozgarri asko ditut”, esan du Zurutuzak. Diskurtsoa amaitzeko, eskerrak eman dizkie presidente, entrenatzaile, langile eta taldekideei, baita bere emazteari ere. Eta zaleak ere ez ditu ahaztu: “oso jokalari maitatua izan naiz. Zelaian ‘zuru, zuru’ hori beti entzun da eta horiei eskerrak eman nahiko nizkieke”.
Jokin Aperribai Realeko presidenteak, jokalariaren ezaugarriak nabarmentzeaz gain, eskerrak eman dizkio Zurutuzari, eta Reala “haren etxea” dela gogorarazi du. Bestalde, urrezko intsignia emango diotela esan du, zaleak zelaira itzultzeko aukera dutenean, merezitako omenaldia egiteko. Bitartean, ’17’a agurtzeko bideoa egin du Realak, zaleen hotsa eta jokalariarena uztartuz, eta bere une garrantzitsuenetako batzuk jasoz.