Donostia Kirolak webgunea berritu du

Donostiako Udalaren kirol zerbitzuen erabiltzaileen eskaerei erantzuteko webgunea berritu du Donostia Kirolak. Gailu mugiukorretarako bereziki egokitutako ataria diseinatu dute. Izan ere, webgunearen bisiten %60 baino gehiago telefono mugikorren, tableten eta antzeko gailuen bidez egiten dira.
Diseinu modernoagoa eta eskuragarriagoa izateaz gain, edukiak berregituratu dira, gehien bisitatzen diren atalei garrantzia handiagoa emateko. Zehazki, online izapide eta zerbitzuek lehentasuna dute orain. Azken urtetan, ildo bereko zerbitzu ugari sartu dituzte webgunean. Hala nola, kirol espazioen edukiera denbora errealean kontsultatzea, instalazioak birtualki bisitatzea eta kirol saio birtualak. Gainera, Donostia Kirolak ematen dituen zerbitzuekin lotutako ia izapide guztiak webaren bidez egin daitezke –2019an izapide guztien %60 online egin ziren: izen-emateak, abonuak, erreserbak, diru-laguntzak…–.
Harpidedunaren gunea
Webgune berrituak garrantzia berezitua eman dio Harpidedunaren gunea izeneko atalari. Bertatik izapide ugari eta hainbat zerbitzu eskura daitezke: datu pertsonalak, ordainagiriak, instalazioetarako sarbideen historia, ordaintzeko modua aldatzea, aukeran asteroko programazioan edo ikastaroetan izena ematea, zozketetan parte hartzea, eta abar.
Gune hau aurreko hitzordua kudeatzeko ere erabili da instalazioak berriro ireki ziren lehen egunetan, edo bertan behera utzitako ikastaroen edo instalazioak itxita egon diren egunei dagozkien itzulketak tramitatzeko. Orain ere, gune honetatik aldi baterako txartel birtual bat ere deskargatu ahal izango da mugikorrean. Txartel horri esker, Kirol Txartelera abonatutako pertsonak sakelako telefonoa erabiliz sartuko dira kirol-instalazioetara, txartel fisikoa erabili beharrik gabe.