San Martin auzo historikoko negozioak euren ikusgarritasuna bultzatzeko elkartu dira

San Martin Auzoa lan taldea osatu dute, Easo, San Bartolome, Zubieta eta Kontxako pasealekuko negozioei ikusgarritasuna eman eta gune horiek indartzeko asmoz.
San Martin auzo historikoa Easo, San Bartolome eta Zubieta kaleen artean zegoen gutxi gora behera. Izan ere, hiru gune horietako eliztarrak hartzen baitzituen San Martin Gotzaina elizak. Dena den, auzo historikotik gertu dauden beste hainbat saltokiren eta ostalaritzaren ikusgarritasuna lantzeko erabakia ere hartu du lan taldeak.
Lan taldea aurten sortu bada ere, egitasmoak aurrekari bat du. Karmele Egues San Martin auzoko bizilagunak auzoko denda txikiei ikusgarritasuna emateko asmoarekin Instagram kontu bat sortu zuen 2018an. Konfinamenduan beste sektoreetako negozioekin elkartu, eta bideo bat egin zuten 70 parte hartzailerekin. Sortutako interesa ikusita, ekainaren 29an bilera bat egitea erabaki zuten, egitasmoaren aurrekariez, eta honen oraingo zein etorkizuneko helburuez hitz egiteko, eta proposatutakoek onarpen ona izan zutela nabarmendu du lan taldeak. Besteak beste, elkarte bihurtzea eta webgune bat sortzea pentsatu dute. Dena den, momentuz, egitasmo txiki batekin hasiko dira: Jazzaldia dela eta, dendak eta erakusleihoak apaintzeko deialdia luzatu du taldeak.