Zabalik da gabonetako azokan postua jartzeko izen-emate epea

Hiriko dendari eta ostalariek dagoeneko izena eman dezakete 2020 Gabonetako Azokan postua jartzeko. Izan ere, epea dagoeneko zabalik dago. Donostia Sustapenetik azpimarratu dutenez, bi helburu izango ditu aurtengo azokak: hiriko saltoki eta ostalaritza negozioei euren ekonomia suspertzen eta hiritarrek “ilusioa berreskuratu dezaten” laguntzea.
Ondo bidean, 2020ko azaroaren 11tik 2021eko urtarrilaren 6ra zabalik izango da azoka, 11:00etatik 21:00etara. 38 etxola eta 4 food-truck izango ditu, askotariko produktuekin, hala nola gabonetako jakiak eta apaindurak, lorezaintza, eta zeramika.
Eskaera telematikoki aurkeztu behar da aurten, Donostia Sustapeneko webgunean. Epea irailaren 15ean itxiko da.