2021erako udal zerga eta tasa gehienak bere horretan mantendu nahi ditu udal gobernuak
Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du 2021erako zerga arauei dagokienez udal gobernuak egindako proposamena, eta gaur goizeko prentsaurrekoan horren inguruko xehetasunak azaldu dituzte Eneko Goia alkateak eta Jaime Dominguez- Macaya Ogasun eta Finantzetako zinegotziak. “Planteamendu zuhurra egin nahi izan dugu, bizitako egoera eta udalarena kontuan izanda”, azpimarratu du Goiak. Hori dela eta, presio fiskala %1,1 igotzea proposatu dute, alegia, 2021ko KPIa adina eta BPGa baino gutxiago (%1,8).
Hiriko tasei dagokienez, gehienek ez dute igoerarik izango —esaterako, urak eta TAO zerbitzuak—. Hondakinen bilketako tasak eta saneamenduari dagozkionak salbuespenak dira. Izan ere, Goiak azaldu duenez, defizit handiko tasak dira. %3ko igoerarekin, defizita gutxitu eta %14koa izatera igaro dadin lortu nahi dute. Era berean, aparkatzeko bizilagun baimenaren gaineko tasa %10 handituko da, alegia, 60 euroko kostua izango du 2021etik aurrera.
Gainera, Jabego Publikoaren Okupazioa eskatzen duten aldamioak edo hesiak jartzeko tasa ere handituko da, zehazki %10.
Hutsik dauden etxebizitzei gainordaina gora
Zergei dagokienez, OHZ-ren gaineko zerga igoko dute, eta %1 handituko dela iragarri du udalak. Dominguez-Macayak esandakoaren arabera, Donostian “batez beste etxebizitza bakoitzeko 278,75 euro” ordaintzen dira, alegia, “kontrakoa pentsatzen bada ere”, Espainiako Estatuan “OHZ gutxien ordaintzen duten hamar hirien artean dago Donostia”.
Aldaketarik nabarmenena izango da OHZ-ren gaineko zergan hutsik dauden etxebizitzei ezarritako gainordaina. Izan ere, iaz gainordaina %50koa izan zen, udal gobernuaren eta EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeen artean lortutako akordio baten ondorioz. Aurten %100an ezarri nahi dute. OHZren zerga gaineko hobari eta salbuespenak mantenduko dira, eta gainontzeko udal zergak ere —hala nola jarduera ekonomikoak, ibilgailuen gainekoa, ICIO delakoa— bere horretan jarraituko dute.
Udal taldeei aurkezpena
Tokiko Gobernu Batzordeak 2021erako zergen proposamena onartu ondoren, hurrengo pausoa udal taldeei aurkeztea izango da. Taldeek 10 egun izango dituzte zuzenketak zein arauak proposatzeko. Ondoren, hiritarrek ere proposamena aurrez aurre ezagutzeko aukera izango dute, iraileko lehenengo astean eurei zuzendutako jardunaldi bat egingo baitute, proiektua aurkezteko helburuarekin. Proposamen guztiak Ogasun batzordean eztabaidatu eta onartuko dira. Azkenik, iraileko udalbatzan proiektuari hasierako onarpena eman, eta beharrezkoa izanez gero, behin betiko onarpena abenduan izango da.