Intxaurrondoko osasun zentroko sarbideak "lehenbailehen" hobetzeko eskatu dio Elkarrekin Podemosek Udal Gobernuari
Elkarrekin Podemos udal taldeak Intxaurrondoko auzotarren aldarrikapen bat jarri du mahai gainean: Haizea Garay zinegotziak salatu duenez, auzotarrak aspalditik ari dira Intxaurrondoko osasun zentrorako sarbideak hobetzeko eskatzen. Zinegotziaren arabera, “urrutitik arrastaka” datorren arazoa da, eta udalak horren berri duela gaineratu du”. “Udalak hainbat salaketa eta kexa jaso ditu auzoko auzo elkarteen eta zentroko erabiltzaileen aldetik. Eta, nahiz eta gure taldeak arazo hori behin baino gehiagotan eraman duen udalbatzarrera, Udal Gobernuak ez du inolako irtenbiderik ematen”, adierazi du Garayk.
Zentroa “irisgarritasun urriko eremu batean” dagoela azaldu du: “Anbulatoriora sartzeko sarbideak ez dira batere egokiak. Zailtasun handiak dituzte adinekoentzat, mugikortasun urriko pertsonentzat, baita gurpildun aulkian joan behar duten pertsonen laguntzaileentzat ere; izan ere, aulkietarako sarbide arrapala hain aldapatsua denez, bultzada emateko indar handia behar da”, kritikatu du zinegotziak. Gainera, salatu du gaixorik dauden edo mugikortasun murriztua duten pertsonak ibilgailuan eramatea zaila dela, ez dagoelako aparkatzeko lekurik.
Elkarrekin Podemosek uztaileko udalbatzarrera eramango du arazo hori, otsailekoan egin bezala. Garayk azaldu duenez, Udal Gobernuak hobekuntzak egiteko konpromisoa hartu zuen otsailean, baina orain arte egin dutena ez du nahikotzat jo zinegotziak: “Konpromiso hori sarbideen zati bat asfaltatzean soilik gauza da”, azaldu du. Halaber, salatu duenez, anbulatorioak dituen hiru sarbideetako bi obrako hesi batzuek mozten dituzte duela hilabete batzuetatik: “Antza denez, hesi horiek babes neurri gisa jarri dituzte, teilak eta teilatuko erreten zati bat erori direlako”, azaldu du.
Horrela, osasun zentroak dituen mugikortasun arazoak konpontzeko irtenbide egokia lekualdatzea dela baieztatu du koalizioak. Hori dela eta, otsailean, Udal Gobernuari eskatu zion Eusko Jaurlaritzari arazoen berri emateko, baina kritikatu dute oraindik ez dutela horrelakorik egin.”Zalantzarik gabe premiazko gaia da. Ez gara ari erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzeaz; ari gara mugikortasun urriko pazienteak, adineko pertsonak eta gaixoak zentrora zailtasunik gabe joan eta sartu ahal izateko behar diren baldintzak jartzeaz”.