Ondarretan eta uhartean bainatzea baimendu dute berriro
Santa Klara uhartean eta Ondarretako hondartzan bandera gorria jarri eta bainatzea debekatu zuten atzo, ur zikinen isurketa baten ondorioz. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, bainatzeko debekua bertan behera utzi dute, isurketa eragin zuen arazo teknikoa konpondu ostean. Udal Osasun Saila uraren kalitatea neurtzeko analisiak egiten ari da, eta behin betiko emaitzak iritsi bitartean, bandera horia jartzea erabaki dute, Ondarretan zein uhartean. “Udal Osasun Saileko teknikariek in situ ikuskatu ondoren, egiaztatu dute, behin betiko emaitzen zain, ura ez dagoela egoera txarrean”. Nabarmendu dute “arretaz” bainatu ahal izango dela, betiere sorosleen aginduei kasu eginez.
Halaber, jakinarazi dute uharteko ponpaketa sisteman sortutako arazo batek eragin zuela atzoko ur zikinen isurketa. Gaur, bonba desmuntatu eta arazo teknikoa konpondu dute. “Gutxi gorabehera metro kubiko bat isuri zen uhartearen atzealdean, baina ez zen gehiago izan, hornidura berehala moztu baitzuten”, azaldu dute udal arduradunek.