Zubietako erraustegia udazkenean jarriko du martxan Gipuzkoako Aldundiak
Gipuzkoako Aldundiak udazkenean aurreikusten du behin betiko martxan jartzea Zubietako erraustegia. Horretarako, Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) behar zuen azpiegiturak, eta pasa den ekainean lortu zuen. Erraustegia bisitatu dute gaur Markel Olano ahaldun nagusiak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, foru taldeetako beste hainbat ordezkarirekin batera. Asensiok azpimarratu duenez, erraustegiak “zabortegien aroa gainditzea eta ekonomia zirkularraren hasiera” dakar.
“Hondakinak ez dira berriro zabortegietan lurperatuko, Gipuzkoako Ingurumen Gunearekin lehengai bihurtuko ditugu eta energia berriztagarria sortuko dugu”, adierazi du Ingurumen diputatuak. Gipuzkoarentzat hondakinak “modu seguru, moderno eta iraunkorrean” kudeatzeko azpiegiturak izatea garrantzitsua dela gaineratu du. “Aurrerapauso garrantzitsua da Gipuzkoan garapen jasangarria eta berreskuratze berdea bultzatzeko”.
Erraustegiaren lehen fasea osatzen duten azpiegiturak bisitatu dituzte, eta haien funtzionalitateak zein abian jartzeko prozesua ezagutu. Zehazki, bertatik bertara ikusi dituzte tratamendu mekaniko biologikoko instalazioa (TMB) eta balorizazio energetikoko plantaren instalazioa (BEP). TMBak 162.000 tonako edukiera du, eta Gipuzkoak urtean sortzen dituen gainerako hiri-hondakinen batez besteko 135.000 tona kudeatuko ditu, nahasita datozen material birziklagarrien %8 eta %10 artean berreskuratuz. Ondoren, hondakinak biolehortze-instalazio batera igaroko dira, pisua eta bolumena murrizteko, eta balorizazio-instalazioko energia ekoizpena eraginkorragoa izateko. BEPak, berriz, urtean 160.000 MWh sortuko ditu, 45.000 etxebizitza eta 130.000 pertsona inguru energia elektrikoz hornitzeko adina energia.
Erraustegiaren bi instalazioekin batera, hondakinak tratatzeko zentro bat izango du; “0 isurketa-sistema ahalbidetuko du, eta Gipuzkoak 2020. urtetik aurrera zabortegiak kenduko ditu. Hori guztia kudeaketa gardenarekin, Hondakinen Kontsortzioaren kontrol publikoak bermatua”.