Lucio Urtubia Kortxoenean izan zenekoa
Lucio Urtubia militante anarkista historikoa Parisen zendu zen joan den larunbatean. Munduko banku nagusiei iruzur egiteagatik ezaguna zen Urtubia, eta 2014an Donostiako Kortxoenea gaztetxean izan zen hitzaldi bat ematen.
“Borroka bizitza da, borroka maitasuna da”. Horrelako gogoetak eta gehiago entzun zituzten ehun pertsonak baino gehiagok Kortxoenea gaztetxean, 2014ko apirilaren 11an. Groseko gaztetxeak antolatu zituen hitzaldien artean, Luciorena jende gehiena mugitu zuenetarikoa izan zen. Urtubia hitzaldi gira bat egiten ari zen, 2008an argitaratu zuen La revolución por el tejado autobiografia aurkezteko.
Lucio Urtubia 1931an jaio zen Cascanten (Nafarroa); igeltsero lanbidez, zerbitzu militarra egiten ari zela hasi zen materialaren kontrabandoan. Parisen errefuxiatu zen, eta Gazteria Libertarioekin lan egiten hasi zen. Urte batzuk geroago, dokumentuak faltsutzen hasi zen, eta ondoren txekeekin hasi zen. 1970ean Citibank AEBetako bankuari 20 milioi dolarreko iruzurra egin zion, eta bilera klandestino batean haren gaineko karguak kentzea lortu zuen faltsutzeko materiala entregatzearen truke.
XX. mendean jardun militante luze eta bizia izan ostean, bizitza anonimoa izan zuen, 2007an Moriarti ekoiztetxeak Lucio dokumentala aurkeztu zuen arte. Ordutik, Lucioren mitoa handitzen joan da, zenbait telebista kateek, La Sextak adibidez, elkarrizketa eta dokumental gehiago egin zizkioten. 2008an La revolución por el tejado autobiografia idatzi zuen, eta 2014an Mi utopía vivida liburua kaleratu zuen.