Matia kaleko ostatuaren fatxada berritzeko lanak hasi dituzte
2015ean Donostiako Udalak lizentzia eman zuen Matia eta Sukia kaleetan izkin egiten duen eraikina ostatu bihurtzeko, eta atzo hasi ziren fatxada berritzeko lanak. Pedro Sukia Ohlsson jabea den eraikinak zazpi solairu ditu, eta proiektuaren helburua eraikina bere osotasunean berritzea da, 302 ohe eskaintzeko. 22 eta hamalau oheko hiru gela banaz gain, ostatuak hamabi oheko sei gela, hamarreko lau, zortziko bost, lau gela laukoitz eta sei bikoitz izango ditu.
2015etik 2018ra Donostiako Udalak hotelak eraikitzeko 23 lizentzia eman zituen. Ostatuak eta pentsioak kontuan hartuta, 44 lizentziatan 840 ohe ahalbidetu zituen udalak.
Antiguan ez da irekitzen duten lehenengo hotel edo ostatu berria. Heriz pasealekuan SÖMN HipSuites hotela eta Koisi ostatua ireki zituzten. Azken hau elizarena zen eraikin batean ireki zuten, eta bizilagunek ostatua espazio publikoa hartzen ari zela eta zarata handiegia zegoela ikusi zutenean, Heriz bizilagun taldea sortu zuten, ostatu berri horrek sortzen zituen arazoei aurre egiteko. Plataforma honetako kideek, azkenean, lortu zuten udalak ostatuaren espazioari mugak jartzea.
Ostatuen aroa
Donostian espazio mugatu batean ohe asko eskaintzea ahalbidetzen duten negozioak gailentzen ari dira, eta eredua Loiolako Erriberan eta Igaran irekiko dituzten ostatuak dira. Ostatu hauek, gainera, ikasle erresidentzia gisa izendatuta daude, baina udan, turismorako ohe-eskaria handiena den unean, ostatu gisa funtzionatuko dute.