Mikel Merinoren kontratua berritu du Realak 2025 arte
Mikel Merino (Iruña, 1996) Realeko erdilariak talde txuri-urdinarekin berritu du kontratua, 2025eko ekainera arte. 2018an sinatu zuen jokalari nafarrak lehenengo kontratua Realarekin, Newcastle Ingalaterrako taldeari ia 12 milioi euro ordaindu ostean.
2023 arte sinatu zuen Merinok 2018an, eta lehen bi denboraldietan taldeko jokalari garrantzitsuenetarikoa bihurtu da. Taldean hartu duen pisu hori dela eta, Realak bi urte luzatu dio kontratua. Desegite klausula igo diote kontratu berrian, 45 milioi eurotik 60 milioi euro izatera igaro baita.
Merino zoriontsu agertu da agerraldian, eta “etxean” sentitzen dela adierazi du: “Taldeak, zaletuek eta hiriko jendeak primeran tratatzen naute. Zoriontsu zaren lekuan zaudenean, bertan egon nahi duzu”, zioen.