Realak talde berrituarekin hasi du denboraldi-aurrea
Realaren lehen taldeko jokalariak atzo goizean itzuli ziren talde entrenamenduetara, koronabirusa dela eta liga bertan behera utzi ostean. Liga irailaren 5ean hasiko da, eta hilabete eta erdiko denbora tartea izango dute Natalia Arroyo entrenatzaile berriaren jokalariek ligaren hasierara fisikoki ondo iristeko.
Birusak sortutako egoera dela eta, Espainiako Futbol Federazioak maiatzaren 6an erabaki zuen futbol ez profesionaleko liga guztiak bertan behera uztea. Hau dela eta, soilik gizonezkoen lehen eta bigarren maila itzuli ziren alarma egoeraren ostean.
Espainiako Futbol Federazioak jaitsierarik ez egotea erabaki zuen; hau dela eta, datorren denboraldian bi talde gehiago egongo dira ligan, 16tik 18ra handituz. Erabaki honekin, Valentzia eta Espanyol taldeek lehen mailan jarraituko dute, eta Eibar eta Santa Teresa igoko dira. Bi talde gehiago direnez, talde guztiek lau partida gehiago jolastu beharko dituzte hurrengo denboraldian. Partida gehiago jokatzeak garrantzia handiagoa ematen dio prestakuntza fisikoari, baita ordezko jokalari asko izateari ere, partiden artean atsedenerako denbora gutxiago izango baitute.
Talde berritua
Realak fitxaketa ugari egin ditu irailean hasiko den denboraldi berrirako, entrenatzailetik hasita. Natalia Arroyok Gonzalo Arconadaren lekua hartu du, eta atzo lehen entrenamendua zuzentzeko aukera izan zuen. Gemma Gili, Nuria Rabano, Amaiur Sarriegi, Maitane Lopez eta Sanni Franssi dira Natalia Arroyoren taldea indartu duten jokalariak.
Bestalde, Adriana Nanclares, Celia Marcos eta Elene Lete bigarren taldeko jokalariak lehen taldearekin entrenatzen hasiko dira denboraldi honetan, eta bi taldeekin jolasteko aukera izango dute.