Basoka indie folk musika jaialdia irailaren 5ean izango da, Miramongo anfiteatroan
Basoka indie folk musika jaialdiko seigarren edizioak badu data: irailaren 5ean, larunbatean egingo da eta aurtengo jaialdia Miramongo anfiteatroak hartuko du. Izan ere, orain arte Miramongo basoan egin bada ere, segurtasun neurriak bermatzeko, aurtengo Basoka tokiz aldatzea erabaki dute antolatzaileek.
Eguneko jaialdia izango da, 16:30etan hasi eta 21:30etan amaituko dena. Kartela hemengo zein nazioarteko artistek osatuko dute: Sara Zozaya, Elena Setien & Joseba Irazoki, Charly eta Amateur tokiko artistek hartuko dute parte, eta Joe Wilkes britainiarrak, El Largo Adiós hirukote gaztelar-frantziarra eta RO-E suediarrak, Marta Reguera bilbotarra buru dutenak, ere joko dute. Sarrera doakoa izango da, baina anfiteatroko edukiera 600 pertsonetara mugatuko dute, distantzia egokia mantentzeko.
Hiritarren partaidetza sustatzeko Olatu Talka egitasmoaren barruan sortu zen Basoka, 2015ean. Musika jaialdi txikia izatea izan da honen helburua hasieratik, “ikusleen, ingurunearen eta artisten arteko harreman estua” bultzatzeko. Seigarren edizio honetan, lehen aldiz berezko jaialdi izaera izango du Basokak, izan ere, Olatu Talkaren azken edizioa izan baitzen joan den urtekoa.
Jarraian, jaialdiko programa jaso dugu:
Emaldien aurreikusitako ordutegiak honako hauek dira:
- 16:30: Charly
- 17:00: El largo Adiós
- 17:45: Sara Zozaya
- 18:30: Amateur
- 19:15: Elena Setíén & Joseba Irazoki
- 20:00: Joe Wilkes
- 20:45: RO-E