Etxebizitza turistikoen areagotzeak alokairuen prezioa igotzea dakarrela dio ikerketa batek
Aitziber Etxezarreta Etxauri, Julen Izagirre Olaizola, Jon Morandeira Arca eta Imanol Mozo Carollo EHUko ikerlariek egin dute ikerketa, eta apirilean argitaratu zuten Economic Research-Ekonomska Istrazivanja aldizkari zientifikoan. Ikerketak Etxe turistikoen sektorearen eragina Donostian du izena, eta hasieratik zuten helburu nagusia pisu turistikoen eskaintzaren igoerak hiriko alokairuetan duen eragina aztertzea zen.
Ikerketaren hipotesi nagusia turismora bideratutako eskaintzaren igoerak denbora luzeko alokairuen prezioak igoarazten dituela zen, eta lortutako emaitzak ikusita, hipotesia egiazkoa dela ondorioztatu dute ikerlariek: “Gure ikerketa enpirikoaren kasuan, emaitzek erakusten dute Airbnb-ren intentsitate aldaketa estandar bat handitzeak epe luzeko alokairuen prezioaren %7,3ko igoera dakarrela”. Esaterako, Bostonen (AEB) igoera %0,4koa da.
Ikertzaileen arabera, bi dira alokairuaren prezioaren igoera baldintzatzen duten faktore nagusiak: lehena, Airbnb bezalako plataformen eskaintzaren igoera; eta bigarrena, epe luzeko alokairuen eskaintza urria. Europako beste herrialdeekin alderatuta, Espainian alokairuen eskaintza oso mugatua da, etxe jabe asko baitaude. Donostian, adibidez, 2016an etxeen %17,2 besterik ez zegoen alokairuan. Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Zentroaren arabera, Alemanian datu hori ia %55 zen 2017an, eta Suitzan %55 baino handiagoa. Beraz, epe luzerako alokairuen merkatua murritzagoa den lekuetan, etxe turistikoen igoerak eragin bortitzagoa du.
Ikerketan, aipatutako hipotesia baieztatzeaz gain, Airbnb bezalako plataformak ‘elkarlan ekonomiako’ enpresak direla ezbaian jarri dute ikerlariek. Elkarlan ekonomia ekoizpen eta kontsumo partekatuan eta herritarren lankidetzan oinarritzen den eredu ekonomikoa da, baina ikertzaileen ustez, praktika errealean, Airbnb plataforman etxebizitza turistikoak eskaintzen dituzten jabeek ez dituzte printzipio horiek jarraitzen: “Geroz eta anfitrioi profesional eta inbertitzaile gehiago daude Airbnb plataforman. Horrek ez ditu elkarlan ekonomiaren printzipioak betetzen”. 2018an Donostian iragarri ziren 1.472 etxeetatik 328 (%22) hamar iragarle nagusienak ziren, eta 2019an hiru iragarle nagusiek Donostiako pisu turistikoen %12 eskaini zuten.
Bizilagunekin plataformaren salaketa
Pisu turistikoen sektorearen ezegonkortasuna salatu du Bizilagunekin plataformak. Era berean, erakunde publikoek sektore horretako enpresekin konplizitatea dutela adierazi dute. “Etxebizitzak ikuskatzeko eta ordenantza berria betetzen zela bermatzeko izendatutako taldeak ez zituen inoiz izan lan eskerga horretarako behar ziren giza baliabideak eta baliabide materialak”, azpimarratu dute. “Apartamentu batzuk lizentziarik gabe utzi eta zigortu zituzten arren, lizentziarik gabe lan egiten zuten hainbat etxek martxan jarraitzen zuten”. COVID-19ak sortu duen egoera dela eta, turismora bideratzen ziren pisu asko epe luzeko alokairu bilakatu dituztela gaineratu dute, eta “kroniko” bihurtu den etxebizitzaren arazoari aurre egiteko eta aurrerapauso bat emateko garaia dela aldarrikatu.