"Jendearen jarrera oso adeitsua izan da, jakin-mina zuten"
Ines Garcia Azpiazuk (Zarautz, 1986) gaur goizean ireki du Tobacco Days liburu denda, Liburuaren Egunean. Tabakaleran hiru urte egin ostean, Groseko Trueba zinemaren parean aurkitu du lokal berria.
Zer dela eta ireki duzu denda Liburuaren Egunean?
Data bat aukeratu behar nuen, eta egun esanguratsu hau aukeratu dut, xarma duen eguna baita. Hala ere, oraindik egiteko gauza batzuk ditut denda osatzeko: ez dut internetik, adibidez.
Groseko Garoa liburu dendan lanean izan zinenetik asko aldatu dira gauzak?
Ez dut uste gauzak gehiegi aldatu direnik. Duela hiru urte arte Garoan lan egin nuen, Zabaleta kalean, eta auzoko bizitza hori ikusten jarraitzen dut. Jendeak auzoko saltokietan kontsumitzen du, eta giro hori mantendu dela nabaritu dut.
Nola daramazu beste auzo batera moldatzea?
Lehenengo eguneko lehenengo ordua da; beraz, oraindik ezin dut gauza handirik ondorioztatu. Hogei egun pasa ditut lokala txukuntzen eta liburu denda bihurtzen, eta lanak egiten ari nintzen bitartean jendearen jarrera oso adeitsua izan da, denda berriaren inguruan jakin-mina zuten. Oso pozik nago oraingoz, jendea asko poztu baita liburu denda bat irekiko dudala esan diedanean.
Zer zegoen lehen lokal honetan?
Arropa denda bat zen lehen.
Gauza asko aldatu behar izan dituzu liburu denda bihurtzeko?
Egia esateko, ez dut gauza gehiegirik aldatu behar izan. Tabakaleran nituen altzariak ekarri ditut, eta lokala hutsik zegoenez, arazorik gabe jarri ditut. Margotzea eta apalak eta mahaiak jartzea izan da lanik handiena.
Langile bakarra zara?
Bai, bakarrik nago.
Zaila da bakarrik aurrera egitea?
Ez da batere erraza. Nik hartzen ditut ardura guztiak, eta lan ordu guztiak ere nik egin behar ditut. Gogorra egiten da, proiektuak nirekiko menpekotasun handia duelako.
Liburu dendaz gain, bestelako eskaintzarik izango duzu?
Bai. Tabakaleran liburu aurkezpenak, irakurle taldearen bilerak, DJ saioak, kontzertuak eta antzeko jarduerak antolatzen nituen, eta erritmo horrekin jarraitzeko asmoa dut, baina egoera honetan zaila izango da, gehienez hiru pertsona egon baitaitezke une berean, eta bestelako segurtasun neurriak bete behar baitira. Momentuz itxaron egin beharko dut.