Puntu Kritikoen Maparen barruan 2019an egindako esku-hartzeen memoria aurkeztu dute
2014an jarri zuten martxan Puntu Kritikoen Mapa proiektua, eta ordutik, esku-hartze ugari egin dituzte hiriko hamaika txokotan. Donostiako Udalak 2019an proiektuaren barruan egindako esku-hartzeen memoria aurkeztu berri du, eta horren berri emateko, bideo bat egin du.
Puntu Kritikoen Mapa da indarkeria matxisten aurkako prebentzio tresna bat, eta bere helburua da ikusgarritasun edo irisgarritasun faltagatik problematikoak diren puntuak identifikatzea eta eraldatzea. Horretarako, udaleko hainbat sailek parte hartzen dute proiektuan, hala nola, Hirigintza Sailak, Gizarte Ongizate Sailak Sailak, Partaidetza, Hiri Azpiegituren Sailak, Proiektuen eta Obren Sailak, Udaltzaingoak, Mugikortasun Sailak eta Berdintasun Sailak.
2019an egindako lehen lana izan zen 2017an hasitako ebaluazio sistemaren berrikuspenari jarraipena ematea. Olatz Estensoro Garciak, Herri Partaidetzako teknikariak, bideoan azaldu duenez, 2017an egitasmoa ebaluatzeko sistemaren berrikuspena hasi zuten: “Proiektuaren etengabeko hobekuntzari begira, gelditu eta hausnartzeko beharra ikusi genuen, eta ebaluazio sistema berriro diseinatu genuen”, azaldu du teknikariak. 2018an, hiriko hainbat puntutan ezarri zuten ebaluazio sistema berria, emaitza zein zen aztertzeko. 2019an, aldiz, ebaluazio sistema Altzan zentratzea erabaki zuten, eta hainbat jarduera jarri dituzte martxan auzoko zenbait eragilerekin batera; besteak beste, “emozioen mapa”-ren lanketa eta gaueko ibilbide bat auzoko hainbat gune konfliktibotatik.
Bestalde, Puntu Kritikoen Maparen arabera, gizonek eta emakumeek ez dute espazio publikoekiko pertzepzio bera. Horrela, beste urteetan bezala, 2019an ere generoak hirigintzan duen eragina ere aztertu dute. Horrekin batera, Ana Txurruka Etxezarreta Berdintasun teknikariak azaldu duenez, eraso sexisten aurkako prebentzio kanpaina bat ere egin dute, gehienbat gazteentzat, ostalarientzat eta taxi gidarientzat.
Azkenik, beste hiri batzuen eredua jarraituta, Dbusen autobusetako gaueko zerbitzuetan eskaripeko geldialdiak ezarri dituzte aurten, eta Dbuseko arduradunek eta langileek positibotzat jo dute neurria.