"Antolatzeko beharra sentitzen genuen"
Ekainaren 28an, LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunean, aurkeztu zuten Zizta gazte transmarikabollo kolektiboa. Azaroan hasi zuen taldeak bere ibilbidea, eta irailerako dinamika bat prestatzen ari dira orain. Kolektiboko kideak dira Lierni Ruiz de Loizaga Cruz (Amara, 1999) eta Niko Coronado Alberdi (Gros, 2002).
Nola sortu da Zizta kolektiboa?
Lierni Ruiz de Loizaga (L.R.L): Duela bi urte inguru hasi ginen ideia honi buruz lagun artean hitz egiten. Hirian badago asanblada bat, baina egun zehatzetarako gauzak antolatzeko biltzen da bakarrik. Sentitzen genuen gazte perspektiba izango zuen asanblada bat behar genuela, guri interesatzen zitzaizkigun gauzei buruz hitz egin eta nahi genituen gauzak egiteko.
Niko Coronado (N.C.): Beharra ikusi genuen LGTBIQ+ gazteentzat gune finko bat sortzeko. Hirian mugimendua astindu, eta komunitatearen inguruko gauzak landu eta horiei buruz hitz egiteko espazio baten beharra genuen. Gu eta gure inguruko jende asko puntualki antolatzen diren jarduera eta protestetara joaten ginen, baina norbanako gisa. Sumatzen genuen indarra antolatzeko helburuarekin sortu da Zizta.
Noiz hasi zineten talde gisa gauzak egiten?
L.R.L.: Gure artean lehenagotik asko hitz egin dugu, eta ekainaren 28a iristen zenean, gogoak areagotu egiten ziren, baina ez genuen fundamentuzko ezer egiten. Azkenean, joan den irailean egin genuen taldea sortzeko lehen urratsa.
N.C.: Irailean serioski jarri ginen gaiarekin, eta lehen bilera azaroan egin genuen. Hasieran, jende gutxi biltzen ginen, baina gero eta pertsona gehiago ari da taldera sartzen.
L.R.L.: Lehen hilabeteetako bileretan taldearen oinarriak jartzen saiatu ginen, izan ere, taldean askotariko espektatibak eta motibazioak zeuden. Esaterako, barrura begirako lanketa edo kanpora begirakoa egin nahi genuen eztabaidatu genuen. Hilabeteak eman genituen oinarri horien inguruan hausnartzen, eta adostutakoa izan zen Zizta talde feminista eta euskalduna izango zela. Hori guztia koronabirusaren pandemia iritsi aurretik izan zen.
Eta nola eragin dizue konfinamenduak?
L.R.L.: Konfinamendua baino lehenago, aurreikusita genituen taldean egiteko hainbat formakuntza saio, baita taldearen aurkezpen ekitalditxo bat ere. Gainera, gure asmoa zen aurkezpenera etortzen zen jendearekin erabakitzea une horretatik aurrera taldeak egingo zituen gauzak. Hain zuzen, alarma egoera ezarri zuten astebururako geneukan prestatuta ekitaldi hori, baina koronabirusa iritsi zen, eta bertan behera utzi behar izan genuen dena. Hala ere, konfinamenduan zehar bilerak egiten jarraitu dugu, online.
Nolako harrera izan du taldearen sorrerak?
N.C.: Uste dut harrera ona izan dugula, inguruan ahoz-aho jendea gonbidatu dugulako, eta asko animatu direlako parte hartzera. Gainera, taldeko kideak pozik eta ilusionatuta gaudela ikusten dut. Hamasei bat kide gaude taldean orain, eta askotariko pertsonak gara.
Nola sentitzen zarete gazteak eta LGTBIQ+ komunitateko kidea izanik?
N. C.: Nik uste dut Donostian LGTBIQ+ komunitateko jendea nahiko onartuta dagoela beste leku batzuekin alderatuta. Familietan, aldiz, beste kontu bat da. Nire familia nahiko kontserbatzailea da, eta armairutik atera nintzenean arazoak izan nituen familiarekin eta lagunekin, oso giro itxian bizi naizelako. Esperientzia hori bizi eta gero eta barnea ireki nuenean munduarekiko, hura guztia ikusgai egiteko beharra sentitu nuen: pentsatu nuen beharrezkoa dela gure existentzia ikusgai egitea. Nire inguruaren presiopean bizi naizenez, nahi dugun bezala sozializatzeko eta adierazteko aske izatea oso garrantzitsua iruditzen zait, eta nik behar hori sentitzen dut.
Horren aurrean, Ziztak lasaitasuna eta itxaropena eragiten dizkit. Honek balio dit sentitzeko ez naizela bakarra munduan. Maitatua sentitzea oso inportantea da, eta hori ematen didate nire kideek. Maitatua sentitzen naiz, eta oso pozik nago.
L.R.L.: Nire kasua oso desberdina izan da, izan ere, familian ez dut inongo arazorik izan armairutik ateratzerakoan. Niri beste esparru batzuetan izandako militantziak eragin zidan gai honekiko klik hori. Ez dut esango baztertua sentitu naizenik, baina zegoen giroa eta militantzia ereduarekin ez nintzen oso gustura sentitzen. Edozein gai lantzerakoan eta edozein ekintza egiterakoan heterosexualitatea presente dagoela sentitu izan dut beti. Horrek deserosotasuna eragiten zidan.
Orain gazte mugimenduan militatzeaz gain, Ziztan egoteak aukera asko zabaldu dizkit, esaterako, beste inguru batzuk eta jende berria ezagutzea.
Aipatu duzue Ziztaren oinarrizko ezaugarria dela euskalduna eta feminista izatea. Zergatik?
L.R.L.: Hasierako hilabeteetan izan genituen eztabaidetan, subrogazio bidez jaiotako haurren gaia atera zen, eta horren inguruan luze eta zabal hitz egin genuen. Solasaldi horietan ateratakoaren ondorioz, erabaki genuen gure marra gorrietako bat izango zela feminismoa. Era berean, gu euskaldunak gara, eta taldera sartzen den pertsona orok, euskalduna izan ala ez, errespetatu behar du zapalkuntza horren inguruan dugun pertzepzioa.
N.C.: Gainera, nik azpimarratuko nuke horren modan dagoen kapitalismo arrosa deiturikoaren aurka gaudela. Korronte horrek dena oso polit eta erakargarri erakusten digu, baina min handia egiten du. Nire ustez kapitalismo arrosak indibidualismo izugarria eragiten du, eta kolektiboari eta gure borrokari kalte handia egiten dio.
Eta orain zertan zabiltzate?
L.R.L.: Orain bilera presentzialak egiteari ekin diogu berriro, eta udaran hainbat ekintza egitea pentsatu dugu. Hala ere, irailean hasiko gara gogorrago lanean: kalera begira jarri nahi dugu, eta asmoa daukagu asanblada ireki bat eta aurkezpen bat egiteko. Gainera, kanpaina bat jarri nahi dugu martxan, besteak beste kapitalismo arrosa deiturikoa eta hezkuntzan gertatzen diren erasoen inguruko lanketa egiteko.