Egiako Azoka Txikia jarri dute abian
Bertako ekoizleen produktuak saltzeko Azoka Txikia egitasmoa abian jarri dute Egian. Astelehenero, Larreta esnekien, Aranburu oilategiaren, Eguzki Leire okindegiaren eta Igeldoko Esnearen produktuak erosteko aukera izango da Plaza Berrin.
Koronabirusaren aurrean hartutako konfinamendu neurriek ondorio negatibo ugari izan dituzte herritarrengan. Egian, aldiz, itxialdiak eskainitako aukerak aprobetxatu dituzte egitasmo berri bat sortzeko: astelehenero, Egiako Azoka Txikia egiten hasi dira Plaza Berrin.
Oraingoz, lau ekoizlek eskaintzen dituzte bere produktuak Azoka Txikian: Larreta esnekiek (Orendain), Aranburu oilategiak (Zizurkil), Eguzki Leire okindegi artisauak (Amezketa), eta Igeldoko Esneak. Hain zuzen, Igeldoko ekoizleen behar batetik abiatu zen egitasmoa, konfinamendu bete-betean; honela azaldu du Alaitz Tolosa auzotarrak: «Eneritz Otamendi, Igeldoko Esneako ekoizlea, auzotar batekin jarri zen kontaktuan, ekoiztutako esneari irtenbidea emateko zailtasunak zituztelako. Egian hiru kontsumo talde daudenez, horietan esnea saltzeko proposamena egin zion». Igeldoko Esnearen bezero nagusiak jatetxeak, hotelak eta tabernak direla azaldu du Otamendik, eta pandemiaren eraginez gehienak «egun batetik bestera» itxi zituztenez, esne litro ugari ezin banaturik ibili ziren.
Egiako hiru kontsumo taldeetatik bik astelehenetan egiten dute banaketa, eta hasieran, Iruresoro pasabideko kale kantoian egin zuten salmenta, otarren banaketarekin batera. Otamendi eta Tolosak nabarmendu dute kontsumo taldeetako kideen erantzun ona: «Erantzuna oso ona izan zen, pilatuta geneukan esnea saltzeaz gain, babesa sentitu genuelako, eta jende berriarengana iristeko aukera izan genuelako», azaldu du Otamendik. Kontsumo taldeetako kideez gain, ahoz-aho eta auzoko Whatsapp taldeetan zabaldutako mezuen bitartez, auzotarrek salmentaren berri izan zuten, eta horietako asko esnea erostera joaten hasi ziren astelehenetan. «Hasieratik ikusi genuen jendeak bazuela tokiko produktuen alde egiteko gogoa», baieztatu du Otamendik. Esnearen salmentaren arrakasta ikusita, beste produktu batzuk eskaintzea bururatu zitzaien auzotarrei, eta orain azokan aritzen diren gainerako ekoizleekin jarri ziren kontaktuan.
Azoka, Plaza Berrira
Konfinamendu neurriak altxatzearekin batera, euren egoerak hobera egin duela azaldu du Otamendik, baina, hala ere, nabarmendu du egoera ez dela lehengora itzuli: «Konfinamendua arintzean egoera hobera joan da, baina ostalaritzan ez dute martxa bere osotasunean berreskuratu; guk nabaritu egiten dugu hori».
Orain arte, azoka Iruresoro pasabidean egin badute ere, joan den astelehenean Plaza Berrin egin zuten lehen aldiz, udalaren baimena lortu ostean. Uztailean astelehenero egingo dute azoka, eta abuztuan geldialdia egingo dute; hala ere, Igeldoko Esneak banaketa egiten jarraituko du hilabete horretan ere. «Oso polita izan da ikustea sortu den espazio hori auzotarren elkargune bilakatu dela. Erostera joaten garenon artean hizketaldiak sortzen dira, eta auzo giroa sortzen da», adierazi du Egiakoak. Halaber, Otamendik nabarmendu du Plaza Berrira mugitzeak ikusgarritasunari mesede egin diola azokari: «Astelehenean, ohi baino auzotar gehiago etorri zitzaizkigun azokaren funtzionamenduaren inguruan galdetzera».
Tolosa irailera begira jarri da, eta azaldu du egitasmoa egonkortzeko eta zabaltzeko asmoa dutela: «Irailetik aurrera gustatuko litzaiguke egitasmoa edukiz betetzea. Irailaren 7an indarberrituta itzuliko gara». Azoka Txikiak izandako harrera onak hainbat esparrutan lanean jarraitzeko motibazioa piztu die Egiakoei, eta hainbat ideia dituzte buruan.
Alde batetik, esan bezala, egitasmoaren oinarrian dauden ildoen inguruko edukien inguruan hausnartzeko gogoa dutela azaldu du Tolosak: «Gure artean hausnartzeko espazioak sortu nahi ditugu, kontsumo ereduaren inguruan hitz egin eta eztabaidatzeko». Horrela, azpimarratu du auzoan «aspalditik» dagoela burujabetzaren eta kontsumo arduratsuaren inguruan gauzak egiteko gogoa.
Bestetik, Azoka Txikia handitzen jarraitu nahi dute antolatzaileek, eta irailean ekoizle gehiagorekin kontaktuan jartzeko asmoa dutela kontatu du Tolosak: «Burujabetzarekin lotutako gauzak sustatzea da gure ideia. Horrela, auzoko merkatariekin ere gauzak egin nahi ditugu, baita auzo elkartearekin ere».
Otamendi ere gogotsu agertu da, eta irailean azokan parte hartzen jarraituko dutela baieztatu du. «Igeldoko Esneak aspalditik zeukan herritarrekiko kanalak irekitzeko gogoa, eta pandemiak gauza txar asko ekarri dizkigun arren, behintzat, herritarrei esnea saltzeko bide hau ireki digu guri», esan du