Hiria postal bihurtu zuten bi argazkilari
Gregorio Gonzalez Galarzak eta haren seme Carmelo Gonzalez Campanok XX. mende hasierako Donostia hura postal komertzialetan irudikatu zuten. Horietan guztietan beti ageri zen azalpen txiki bat eta 'Galarza' sinadura.
X. mende hasierako Donostiako postal askok sinadura berdina dute: Galarza. Eta sinadura horrek bi izen biltzen ditu batean: Gregorio Gonzalez Galarzarena eta haren seme Carmelorena.
Elisa Querejeta Aranzadiko kideak San Telmo museorako egindako ikerketa baten arabera, Gregorio Gonzalez Galarza Zegaman jaio zen 1869. urtean eta umetan etorri zen Donostiara bizitzera, familiarekin. 25 urte zituela, Maria Campanorekin ezkondu zen, hirian bertan, eta 1895. urtean jaio zen haien lehen semea: Carmelo.
Gonzalez Galarzak estudioa izan zuen Easo kalean. Gonzalez Campanok, aldiz, estudioa hainbat alditan lekuz aldatu zuen.
Era berean, biak aritu ziren postako funtzionario eta argazkilari lanetan, Querejetak bere ikerketan aipatzen duenez. Izan ere, euren lana euskal aldizkari ilustratu garrantzitsuenetan argitaratzeaz gain, postal komertzialak ere ekoitzi zituzten, batik bat Donostiako “hirigintzaren garapeneko» irudiekin, baina baita ikuskizun eta etnografia zein Gipuzkoako beste hainbat herritako argazkiekin ere. Postaletako irudi asko eurek egindakoak badira ere, Hermenegildo Oterorenak eta Miguel Agirrerenak ere erabili zituzten.
Europan postalen urrezko aroa 1906. eta 1931. urteen bitartean izan zen, eta Espainiako Estatuan II. Errepublika eta Gerra Zibilaren garaian. Hain zuzen ere, Galarza sinadura duten postalak 1905. eta 1948. urteen artekoak dira batik bat. Postaletako irudiak zuri-beltzean izaten ziren, eta orokorrean, argazki naturalak edo neutroak, aparteko ukiturik gabekoak. Argazkiaren goiko zatian izenburu deskriptibo bat jartzen zuten, zegokion tokia edo egoera identifikatzen zuena. Batik bat, 14 cm luze eta 9 cm zabal ziren kartoi mehetan inprimatzen zituzten, eta, atzean, idazteko tarteaz gain, Galarza sinadura ageri zen.
36ko gerra hasi zenean, Frantziara joan zen familia osoa, eta ondoren, Madrilera. Espainiako hiriburuan ere postalak egiten aritu zen Carmelo. Donostiara itzuli ziren azkenik, eta hemen hil ziren biak: aita 1948an zendu zen; semea, berriz, 1959an.