Kaiko arrapalako sarbidea mugatu du Eusko Jaurlaritzak, koronabirusa dela eta
Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak kaiko arrapalaren sarbidea mugatzea erabaki du. Hain zuzen, portu zerbitzuek, larrialdikoek eta ontziren batekin uretara joan nahi dutenek soilik izango dute hara sartzeko aukera.
Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, COVID-19aren hedapena saihesteko hartu dute neurria, baita jarduera nautikoen segurtasuna bermatzeko ere. “Azken egunetan jende pilaketak sortu dira, arrapalan pilatuta, eserita edo eguzkitan etzanda egon den jende andanak arrapala erabat okupatu dutelarik, distantzia sozialak errespetatu gabe eta sarbide hori galaraziz”, adierazi dute oharrean.
Halaber, jakinarazi dute egoera horrek “eragozpenak” sortu dituela piraguak, belaontzi arinak, batelak eta traineruak uretara “normaltasunez”: “Maniobra arriskutsuak eta liskarrak sortu dira kaia okupatzen zuten pertsonen eta ontziekin uretara sartu nahi zutenen artean”, azaldu du Eusko Jaurlaritzak.
Erakundeak eskatu die herritar eta portuko erabiltzaile guztiei arrapalaren murrizketak errespetatzeko, “aisialdiko jarduera nautikoak, ikastaroak eta kaiko gainerako erabilerak guztiontzako beharrezko segurtasun baldintzekin garatu ahal izateko”.