Obra zintzoen xarma
‘LAS LETRAS DE JORDI’
Zuzendaria: Maider Fernandez Iriarte
Urtea: 2019
Herrialdea: Euskal Herria
Uztailaren 17an ailegatu zen Euskal Herrira Maider Fernandez Iriarte donostiarraren Las letras de Jordi lana. 2017ko Ikusmira Berriak programan bultzada irabazi eta gero, poliki-poliki hazten joan da filma, Donostiako Zinemaldiaren gisako jaialdietatik pasatuz, zinemetaraino.
Zuzendariak berak azaltzen duenez, Lourdesko santutegiari buruzko dokumentala prestatzen ari zela ezagutu zuen Jordi, ez pertsonalki, baizik eta han grabatutako irudiei begira. Irudiotan, azkar antzeman zuen Iriartek Jordiren izaeraren xarma guztia, eta hasierako ideiaren norabidea guztiz aldatuz, 51 urteko garun paralisidun gizonaren historian zentratu zen, dokumental berezi hau eraikiz.
Plano luzeak eta erritmo motela nagusi dira istorio samur honetan, eta keinuek eta zarata txikienek pantaila betetzen lortzen dute. Ingurunearenganako zein protagonistarenganako maitasuna presente dago plano bakoitzean. Filmaren lehenengo minutuetan, Jordiren eskuak baino ez ditugu ikusten, alfabetoa marraztuta duen kartoizko orriaren gainean letrak banan-banan seinalatuz, hitzak eraikiz Maiderrekin solasean. Hasiera batean elkar ulertzeko oztopoa dirudien teknika geldoak Jordirenganako lehen atea irekitzen digu eta, aldi berean, filmaren funtsa zein izango den ezartzen du: komunikazioa. Jordiren eskuak baino ez ditugu ikusten, hitzak gorputzak baino garrantzi handiagoa lortzen baitu dokumentalean.
Komunikazioaren arazoei estuki lotuta, bi harreman garatzen dira filmean zehar. Alde batetik, zuzendariaren eta Jordiren artekoa, kamera aurrean zintzotasun osoz erakusten zaiguna; eta, bestetik, fededun gisa Jordik Jainkoarekin duena. 21 urte zituela hitz egin zion Jainkoak Jordiri eta harrez geroztik, fedeak indarra eman dio askotan. Gurasoen etxetik egoitza batera lekualdatu zenetik, ordea, ez du hain gertukoa zaion ahots hori entzuten. Lourdesera egiten duen bidaian, Jainkoarekin harremana indarberritzen da, fedearen babes guztia berreskuratuz. Garapen antzekoa biziko du Jordi eta Maiderren arteko harremanak. Bien arteko elkarrizketa neketsuagoa da hasieran, ulertua ez izatearen frustrazioa antzeman daiteke. Filmean zehar, baina, konplizitatea gero eta nabariagoa egiten joango da, bata bestearen aurrean egoteko beharrik gabe ere, aurrera jarraitzen du harremana sortuz.
Irudiak zintzoak eta gertukoak ditugu, handinahirik gabekoak. Kamera ez da galtzen Lourdesko santutegiko indar mistiko-estetikoan, ez du Jordiren istorioa saltzen edertasun horren truk. Era berean, erruki edo paternalismo sentsazio orotatik aldentzen da. Jordik barre egiten du berari begira jendeak «gaixoa» esaten duela azaltzean. Jainkoarekin harremana ere gizatiarra bihurtzen da film honetan, dena baita, arreta prestatuz gero, gertukoa eta ulergarria.
Protagonistaren erretratua eraikitzeko bidean, Maider Fernandezek ere bere buruaz asko ematen du, kontakizun sinple bezain bihozbera lortuz. Esan bezala, maitasuna eta tentua nabaritu daitezke plano bakoitzean, kamerak ez du bere erritmoak inposatzea lortzen, komunikazioaren eta elkar ezagutzeko prozesuaren abiadura errespetatzen baitira uneoro. Hala, ikusleak hurrengo letra zein izango ote denaren esperoan, adi-adi, Jordiren eskua jarraitzen duen bezala, halaxe ere jarraitu beharko dugu guk Fernandez Iriarteren obra, bere etorkizuneko proiektuek opera prima honen maila mantenduko dutelakoan.