Blackstone funts putreak ez du atzeratu nahi Benta Berriko etxegabetze bat
Victoria Noriega Benta Berriko bizilagunak egoera zaila bizi duela salatu dute Alokairu, Kaleratzeak Stop eta Azora funts putreak kalteturiko familien plataformek. Testa Socimi-Blackstone funts putreak kudeatzen ditu Benta Berriko Babes Ofizialeko Etxebizitzak, eta irailaren 9rako dago aurreikusita Noriegaren etxegabetzea. Agindua 60 egunez atzeratzea eskatu zioten funts putreari, baina eskaerari uko egin diote, eta, gainera, epaia ahalik eta azkarren exekutatzeko eskatu diote epaileari.
Funts putreak informazio kontraesankorra eman duela azpimarratu dute plataformek. Izan ere, ekainaren 16ko ahozko epaiketan Testa-Socimiren abokatuak adierazi zuen Donostiako Udalarekin harremanetan jarri zirela. Ordea, funts putreak jakinarazi du ez duela udalarekin hitz egin Noriegari ordezko etxebizitza bat bilatzeko.
Epaileak etxegabetzea exekutatzen badu, plataformen agerraldi bat egingo dute mobilizazio egutegi bat plazaratzeko. Aurreratu dutenez, etxegabetzeen kontrako piketeak egingo dituzte.