'Donostiako Alde Zaharra, kalez kale' erakusketa ezagutzeko bisita gidatuak hasi dituzte
Hilaren 17an jarri zuten ikusgai Donostiako Alde Zaharra, kalez kale erakusketa, Santa Maria elizaren barruan dagoen D’Museoan. Ancora ondare kulturalaren kontserbaziorako elkarteko hainbat kidek egin dituzte komisario lanak, eta irailaren 13ra arte egongo da zabalik.
Erakusketaren helburua da Parte Zaharreko eraikin eta kaleetako arkitektura eta historia balioan jartzea, eta ezagutzera ematea. Horretarako, 200 eraikin baino gehiagoren informazioa jaso dute, baita 700 irudi inguru. Eneko Oronozek, Ancorako kideak, azaldu du Donostiako Udal Artxiboaz gain, estatuko beste hainbat artxibotara ere jo dutela informazioa lortzeko. Erakusketa Arkitektura Bienalean estreinatu zuten, eta orduan itxi berri duten Santa Teresa komentuan jarri zuten ikusgai.
Astelehenetik igandera 10:30etatik 19:00etara bisitatu ahal izango da, igande goizetan eta kultua dagoenean izan ezik; elizara sartzeko hiru euro ordaindu behar dira. Halaber, Ancorako kideek erakusketaren nondik norakoak azaltzeko doako bisita gidatuak prestatu dituzte, eta horiek astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 17:00etan. Parte hartzeko izen ematea beharrezkoa da, info@dmuseoa.com helbidean (bisitaren inskripzioa bisitaren egun berean itxiko da, 12:00etan). Bisitak, gehienez ere, hamar lagunekoak izango dira. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, honako egunetan:
- Euskaraz: Uztailaren 28a, abuztuaren 6a, abuztuaren 18a, abuztuaren 27a, irailaren 3a.
- Gaztelaniaz: Uztailaren 21a, uztailaren 23a, uztailaren 30a, abuztuaren 4a, abuztuaren 11, abuztuaren 13a, abuztuaren 20, abuztuaren 25a, irailaren 1a, irailaren 10a.
Ancora elkarteko Eneko Oronozekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, luze eta zabal, eta ostiraleko astekarian erakusketari buruzko erreportaje osoa irakurri ahal izango da.