Martin Zubimendik 2025era arte luzatu du kontratua Realarekin
Konfinamenduaren ostean jokalari garrantzitsua izan da Martin Zubimendi (Donostia, 1999), eta Realarekin kontratua luzatu du, 2025eko ekainera arte. Kontratua berritzeaz gain, lehen taldearen dinamikan bete betean sartuko da datorren denboraldian.
Aurtengo denboraldiko azken bederatzi partidetan jolastu du Zubimendik, eta horietako seietan hasieratik jolastu du. Konfinamenduaren osteko lehenengo bi partidetan deialdian sartu zen, baina ez zuen minuturik izan. Zelaierdian lesio ugiari izan ditu Realak, eta Imanol Alguacilek azken lau hil ala biziko partidetan 90 minutu eskaini dizkio Zubimendiri. Jolastutako minutuetan ondo eta segurtasunez aritu da jokalari donostiarra, eta horri esker lehen taldean bete betean sartuko da datorren denboraldian.
Martin Zubimendik “amets bat” bete duela adierazi du, eta lehen taldera salto egitea “pausurik zailena baina politena” dela azpimarratu du: “Duela bi hilabete ezinezkoa ikusten nuen, baina azken txanpan minutu asko jolastu ditut eta garrantzitsua sentitu naiz. Eskerrak eman nahi dizkiot Imanoli”.
Nahiz eta lehen taldera igotzea lortu duen, Zubimendik uste du zaila izango duela datorren denboraldian minutu asko izatea, postu berean jokalari asko daudelako. Hala ere, datorren denboraldian Europa Liga jolastuko du Realak, eta jokalari garrantzitsuek atsedena hartu dezaten aldaketa ugari izatea Realari ondo etorriko zaiola uste du Zubimendik.