Sokadantzaren tradizioari eutsi diote Zubietan
Zubietako Santio jaiak bertan behera geratu arren, bada ohitura bat galtzen utzi nahi ez dutena. Horrela, hilaren 25ean, Santio egunez, sokadantza egin zuten Zubietan. Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak lagunduta egin zuten, eta segurtasun neurriak behar bezala beteta.
Bestalde, Usurbilgo Kultur Birak bete zuen proposamen faltaren hutsunea. Larunbatean bertso saioa izan zuten plazan, eta atzo, dantza emanaldia. Plaza emanaldietarako egokitu zuten, aulkiak gutxieneko distantziarekin kokatuz, eta gainerako osasun neurriak errespetatuz. Zubietako jai batzordeak beste hainbat eragilerekin batera antolatu ditu aipaturiko bi jarduerak.
Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu eta Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariak aritu ziren kantuan. Aldiz, Zortzitan bertso eskola arduratu zen gai jartzaile lanak egiteaz. Herritarrez bete zen plaza bertso saioaz gozatu ahal izateko.
#Zubieta Kultur Biran! Maddalen Arzallus egunotan herri jaietan behar zuen #Zubieta ri abesten: pic.twitter.com/sEdmonsCdp
— noaua (@noaua) July 25, 2020
Atzo, berriz, Tio Teronen semeak dantza taldeak Freshcool ikuskizunaren emanaldia egin zuen plazan. Euskal abesti zein dantzak beste hainbat kulturekin nahasten dituzte, eta Zubietan ere horrela egin zuten.
#Zubieta Kultur Biran! Tio Teronen semeak dantza batean. "Freshcool" ikuskizuna eskaintzera etorri dira. pic.twitter.com/vMh6IN1hjw
— noaua (@noaua) July 26, 2020