"Uretan sentsazioak errekuperatu behar ditugu, baina gogotsu gaude"
Aste gorabeheratsua izan da Donostia Arraun Lagunak taldeko kideentzat, koronabirus kasu positibo bat dela eta aste bat etxean konfinatuta eman ostean. Ekain Iriarte entrenatzaileak sentsazioak errekuperatu behar dituztela adierazi du, baina denboraldi amaierarako gogotsu daudela gehitu du.
Nolakoa izan da pasa den aste eta erdia?
Aste arraroa izan da, baina bagenekien gertatu zitekeela. Taldeko arraunlari baten etxean kasu positibo bat egon zen, eta hari testa egitean positiboa eman zuen. Hori jakin genuenean, egoera zaila izan zen, hasiera batean TKE ligako protokoloa bete behar genuela uste baikenuen, baina ez zetorren bat Osakidetzakoarekin. Azkenean Osakidetzaren protokoloa jarraitu genuen, baina ez genekien guztiz ondo nola jokatu, arraun munduan eman den lehenengo kasua baitzen. Azkenean, zazpi egun eman genituen etxean konfinatuta, taldeko arraunlariak negatiboa eman zuen arte.
Zer moduz sentitzen da taldea?
Oso animatuta daude, gogotsu. Martxoan hasi zen konfinamendua dela eta uretako entrenamendu asko galdu ditugu, eta zazpi egun hauetan ergometroan entrenatu dute arraunlariek. Joan den astean uretako ordu asko galdu ditugu, eta orain sentsazio onak errekuperatu behar ditugu ahalik eta lasterren.
Zenbat puntu galdu dituzue azken hiru jardunaldietan?
Aurreko estropadetan atera genituen puntuen bataz bestekoa atera zuten, eta 1,8 ingurukoa zenez, estropada bakoitzeko bi puntu eman dizkigute. Hondarribiak estropada horietan ere bi puntu lortu ditu bakoitzean, beraz puntu bakar bat gehiago dugu. Orain helburu nagusia azken postua ekiditea da.
Zeintzuk dira orain taldearen helburu nagusiak?
Denboraldi honetan Euskotren ligako lau traineruak oso parekatuta ibili gara; azken estropadan, adibidez, zazpi segundotan geunden denak. Play-offa ekiditea da helburu nagusia, puntu bakarrera baikaude, baina esan bezala liga oso parekatua da, eta geratzen diren lau estropadetan bandera irabazi dezakegula uste dut.
Itzuli zarete entrenamenduetara?
Bai, atzo uretan entrenatu genuen lehenengoz. Animatuta eta gogotsu ibili ziren arraunlariak, baina aste bat arraun egin gabe egon ostean sentsazio onak izatea zaila da.