AHTaren Astigarraga-Lezo zatiari alegazioak aurkeztu dizkiote hainbat herritarrek eta eragilek
Satorralaia bizilagunen mugimenduak jakinarazi duenez, azken egunetan AHTaren Astigarraga-Lezo zatiari alegazioak aurkeztu dizkiote Donostia, Errenteria, Oiartzun, Lezo eta Hendaiako hainbat bizilagunek eta elkartek. “Espainiako Sustapen Ministerioak informazio publikora atera duen egitasmoak ingurumenari eragingo lizkiokeen kalte larriekin batera, proiektuak ikuspegi sozio-ekonomikotik duen justifikazio falta nabarmentzen da alegazioetan”, azaldu dute.
AHTaren Astigarraga-Lezo zatia merkantzien garraiorako aurreikusten du proiektuak, eta Satorralaiak azpimarratu du Jaizkibelgo Korridore Intermodalaren planean duela bere jatorria: “Oiartzunen korapiloa duen trazaduraren eskemak 2005ean gure lurraldean merkantzien garraiorako azpiegitura erraldoiak eraikitzeko bultzaturikoa da. Hala nola, Jaizkibelgo Superportua eta Lezo-Gaintxurizketako merkantzien geltoki intermodala”. Aurrera begira, Frantziako AHTarekin lotura zuzena eraikitzeko asmoari eusten diola gaineratu dute. “Trenbide zabalera europearra zabaltzen ari den egungo trenbidea erabil dadin eskatzen da alegazioetan, Astigarragan, Oiartzunen eta Lezon azpiegitura berririk eraiki behar izan gabe”.
Alegazioak egiteko epea abuztuaren 3an bukatuko da. Hori dela eta, herritar guztiak alegazioak aurkeztera deitu ditu Satorralaiak. Honako helbidera bidali behar dira: Subdireccion General de Planicifacion Ferroviaria. Plaza de los Sagrados Corazones, 7. 28.071 Madril.
Belartza Goikoa zabortegi gisa erabiltzea ere aurreikusten du AHTaren Astigarraga-Lezo zatiaren informazio azterlanak. Elkarrekin Donostia udal taldeak pasa den asteko udalbatzarrera eraman zuen gaia, eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi zuen azterlanari alegazioak aurkeztuko dizkiola udal gobernuak.