El Txoko de Ramiro tabernak irabazi du Zipotz jaietako I. Pintxo Lehiaketa
Groseko jaietan jarduera asko bertan behera utzi dituzte koronabirusarengatik, baina segurtasunez egin zitezkeenak mantendu dituzte, I. Pintxo lehiaketa, besteak beste.
Koronabirusaren krisiak udako egitaraua guztiz aldatzea ekarri du, eta auzoetako jai eta festak ez dira salbuespena izan.
Jai askok, kaiko Karmengo Jai Batzordeak esate baterako, bertan behera utzi zuten jarduera oro, baina Groseko Zipotz jaietan egitarau murriztu bat aurrera atera zuten, segurtasun neurriak kontuan izanda, beti ere. Uztailaren 16tik 19ra hainbat jarduera egin zituzten, hala nola, kotxe karabana, jai herrikoien aldeko kalejira eta eraso sexisten aurkako argazkia.
Uztailaren 17an, ostiralean, pintxo dastaketa egin zuten, eta aurkeztutako hamabi pintxo onenen artean aukeratu behar izan zuten auzotarrek.
Lehiaketara aurkeztu diren hamabi tabernen artean El Txoko de Ramiroko pintxoak irabazi zuen, Txofre kaleko tabernak. Pintxoa egin duen sukaldaria Pablo Alcalde da, eta Jai Batzordeak I. Pintxo Lehiaketan parte hartzeko eskaini ziela adierazi du.
Ezkontza batean probatu zuen plater bat oinarri hartuta egin zuen Alcaldek pintxo garailea: Filo pasta kurruskaria Camembert gaztarekin eginiko kremaz, porru erregosiz eta otarrainxka zatitxoz betea.
Alcaldek bi hilabete eskas daramatza El Txoko de Ramiron lanean, eta denbora urri horretan Zipotz jaietako pintxo lehiaketa irabazteko moduko platera egiteko tartea izan du.
Jaietako lehiaketarako propio egin dute pintxoa, baina Alcaldek adierazi duenaren arabera, posible da etorkizunean tabernan salgai jartzea, lehiaketan probatzeko aukera izan ez duten pertsonek probatu dezaten.
PINTXOAREN OSAGAIAK
-Bost porru.
-Camembert gazta-krema poto bat.
-100g otarrainxka.
-Filo pasta pakete bat.
-Saltsa gazi-gozoa.
-Oliba olioa eta gatza.