Igeldoko Herri Kooperatibak denda zabaldu du
Hilaren 17an zabaldu zuten Igeldoko Herriko Kooperatibaren (IKO) denda, eta gaur goizean egin dute aurkezpen ofiziala. Kristobal Balentziaga kaleko 93. zenbakian dago eta tokian tokiko produktu osasungarrien eskaintza zabala du. Denda lehenengo egitasmoa da, eta ez azkena. Izan ere, Herri Kooperatibaren proiektua zabaltzen lagundu eta Igeldoko beharrak asetzeko helburuarekin bestelakoak sortzen joateko asmoa dute.
Bi hamarkadaren ondoren, Igeldoko Sindikatuak ateak ireki ditu berriz ere. Beste izaera eta beste izen batekin, baina espazio berean eta antzeko filosofiarekin: Igeldoko bizilagunen beharrak asetzea. “Igeldon elikaduraren eta merkataritzaren sektorean hutsune bat zegoen, eta hutsune hori betetzera dator herri denda”, azaldu dute sustatzaileek. Dendak dituen ezaugarrietatik lau nabarmendu dituzte: “Tokian tokiko produktuen aldeko apustua; kontsumorako produktu osasungarriak; justuak, ekoizleen jasoko dutenaren eta erosleak ordainduko dutenaren oreka zainduz; eta azkenik, eskaintza zabala”.
IKO denda astelehenetik larunbatera dago zabalik. Astean zehar, goizez 9:30etik 13:30era, eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, berriz, goizeko ordutegian soilik, 9:30etik 13:30era. Igeldoko bizilagunei ez ezik, gainerakoei ere zuzenduriko denda dela adierazi dute. “Konfiantzazko kontsumoa bilatzen dutenek, mezua duten elikagaiak kontsumitzearen aldeko apustua egiten dutenek, elikadura osasuntsua bilatzen dutenek, … IKO herri denda bisitatzera gonbidatu nahi ditugu euren kabuz ikus dezaten orain kontatzen ari garena”. Gainera, kontsumitzaile diren bazkideei proiektuak parte hartzeko aukera eman nahi diete, “produktuen irizpideak ezartzeko espazioetan parte hartzera gonbidatuz, hornitzaileak lortu eta ezagutzeko jardueretan parte hartuz, eta ekoizleekin elkarlanean aritzeko aukera emanez”.
Askotariko produktuak
Salgai jarri dituzten elikagaiak askotarikoak dira: barazkiak, esnekiak, izoztuak, belarjaleentzako produktuak, okela, edariak, higiene eta garbitasuna zaintzekoak, baserriko tresnak, etxerako animaliak, burdingintzako produktuak… Guztiek, ordea, ezaugarri berak partekatzen dituzte: tokian tokiko produktuak dira, eta ekoizle-saltzaile katea errespetatzen dute. “Zuzeneko erosketan oinarritutako zirkuitu laburreko estrategiaren alde” egin dutela azpimarratu dute sustatzaileek. Gaineratu dutenez, IKO dendaren helburua kalitatezko zerbitzua eskaintzea da: “Igeldotarren bizi-kalitatea hobetzeko, Igeldo biziberritzeko eta gurera hurbiltzen diren bisitariei bertako produktu eta ondare eskaintza helarazteko, eta hurbileko tratuaren bidez kalitatezko turismo eredua sustatzeko”.
Lehen urratsa
Esan bezala, denda da etorriko diren egitasmoen artetik lehena. Denbora gutxian, 25 bazkide izatetik ehundik gora izatera pasa da kooperatiba, eta gorakada horrek aukera eman die lantaldetan banatzeko eta egitasmoa modurik egokienean kudeatzeko. Esker oneko hitzak izan dituzte auzolanean jardun duten, eta jarduten duten, guztientzat. “Guztien inplikazioa ezinbestekoa izan da; indarra, gogoa, denbora, norberaren gaitasunak… egitasmoaren zerbitzura jarri dituzte, eta orain, eraindakoa jasotzen ari gara”.
Helburuak ere argi zehaztu dituzte: “Lehen sektorean aritzeko baldintza egokiak sustatzea, Igeldoko ondare historiko, natural eta gizarte ondarea balioan jartzea, lankidetzarako eta elkarlanerako espazioak sortzea, berrikuntza sozialerako praktikak abiatzea, zerbitzuak eta baliabideak eskaintzea, eta Igeldoko biztanleei komunitatearen bizitzan aktiboki parte-hartzeko eta eragiteko tresna izatea”. Hain zuzen ere, proiektu bizia dela nabarmendu dute, eta etorriko denaren abiapuntua. “IKO denda lehen urratsa izan da, eta bigarrena etorriko da, baina lehendabizi dendaren egitasmoa finkatu nahi dugu, eta gero gerokoak. Momentu honetan ez gaude egitasmo zehatzak aurreratzeko, baina hezkuntzan, kulturan edota nekazal landa-eremuan, besteak beste, badaukagu non eragin”.