Hondamendi natural batek Altzako jaiak bertan behera utzi zituenekoa
1933ko ekainaren 16an uholde handiak izan ziren Altzan, eta horien ondorioz, San Luis jaiak bertan behera utzi zituzten agintariek. Uholdeetan hiru herritar hil ziren, eta bi elizkizun egin zituzten horien omenez.
Zalantzarik gabe, 2020. urtea historiako liburuetan agertuko da, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta. Birusaren hedapena saihesteko, hamaika neurri hartu dituzte erakundeek, eta horietako bat izan da auzoetako jaiak ezagutzen ditugun horretan bertan behera uztea. Begirada atzera botata, ikusi daiteke behin edo behin, utzi behar izan dituztela jaiak bertan behera. Erabaki hori hartzeko askotariko arrazoiak izan daitezke, esaterako, gerrate bat edo arrazoi meteorologiko larriak.
Azken horren adibide izan zen 1933. urtean Altzan gertatutakoa. Urte horretako ekainaren 16an uholde ikaragarriak izan ziren Herreran, eta hiru pertsona hil ziren. Horren ondorioz, San Luis jaiak bertan behera uztea erabaki zuten. Altzako Historia Mintegiaren txosten batean garai hartako El Dia egunkarian jasotako euskarazko kronika bat irakurri daiteke, eta horretan, Itani deituriko herritar batek idatzitakoa.
Argitaratutakoaren arabera, Altza izan zen herri kaltetuena: «Erri zigortuena, gauzetan ez bada ere bai bizietan, gure au izan degu», idatzi zuen Itani-k. Halaber, jaiak bertan behera uzteko erabakia ontzat jo zuen idazleak: «Au dala ta, emengo San Luis pestak egitia utzi dute, eta oso ondo iduritzen zaigu, bada ez dago erriya ortarako», argudiatu zuen. Kronikaren arabera, uholdeek tristura handia eragin zuten herritarrengan: «Gauz negargarri abek oso atsekabetu gaituzte, eta orain alegindu behar gera al degunak al degun eran ondutzen ondu leikena».
Kronikaren arabera, «Aranburu’tar Jose, Elosegi’tar Nikolasa eta Urroz’tar Asunzion» izan ziren uholdeetan hildakoak, eta haien omenez bi meza egin zituzten, San Luis egunean –ekainak 21– eta hurrengo egunean. «Gutxitan oi dan añako oste edo jendetza izan zan, aurretik zirala España’ko gobernadoria Gipuzkoan, Altza’ko alkate eta ziñegotzi kontzejalak eta beste jaun agintari batzuk», dio idazkiak.
Elizkizunak haiek izan ziren egin zituzten ospakizun bakarrak; honela azaldu zuten El Dia-n: «Juan dan asteazkenian, Garagarrila’ren 21’an zan San Luis, Errera’ko patroien eguna, eta goizian jaupa edo meza nagusi ederra eta beste eleizkizunak besterik ez degu izan aurten, bada urtero kalian egiten diran jayak ez dira aurten izan, aurreko egunetan izan zan ugoldeagatik, eta berak tzui zigun gertaera negargarriagatik».
Diru bilketa
Uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko, dirua biltzeko hainbat jarduera antolatu zituzten egun batzuk beranduago. Esaterako, Errerako Eusko Etxeak Aitona eta billoba izeneko antzezlana prestatu zuen, eta emanaldia ikustera joan zirenek ordaindutako dirua «ugoldeak zigortuenak» izan zirenen alde jaso zuten. «Arren dei egiten zaie abertzaleai eta ez diranai ere, danak izan daitezela datorren igandian Errera’ko batzokiyan, onelaz berak denbora oso atsegintsu igaroaz, egingo dute anaitasunezko gauza bat ugoldearen zigorkada izan dutenaren mesedez», jaso zuen Itani kazetariak.