Jaiak bai, osasuna ere bai!
Inoiz bizi gabeko egoera ekarri du 2020. urteak. COVID-19 birusak eragindako pandemiaren aurrean, neurri zorrotzak hartu behar izan dituzte agintariek. Koronabirusaren hedapena eteteko gomendioetako bat da jende pilaketak ekiditea, eta horren harira, udako hainbat festa, jaialdi eta ospakizun debekatu ditu Donostiako Udalak; besteak beste, hiriko auzo eta herrietako jaiak.
Udaberrian hasi ohi dira jaiak, eta jai batzordeek hilabeteak ematen dituzte horiek prestatzen. Aurten, konfinamenduak bete-betean harrapatu ditu jai batzuen prestaketa asteak, eta antolatzaileek hausnarketa sakonak egin behar izan dituzte, jaien inguruko erabakiak hartzeko. Batzuek festak bertan behera uztea erabaki dute, eta beste batzuek egitarauak murriztu eta jai xume eta sinbolikoak egin dituzte.
Irutxuloko Hitzaren aurtengo jai liburuxka ere ez da ohikoa. Bizi dugun egoerara egokitu behar izan dugu, baina azpimarratuz jaiek duten garrantzia eta presentzia. Festetan koronabirusari aurre egiteko gomendioak jaso ditugu, hainbat pertsona ezagunei inkesta bat egin diegu, eta auzo batzuetako jaien inguruko erreportaje berezituak jaso ditugu. Halaber, Irutxulo.hitza.eus webgunean datozen «auzoetako jai berezietan» egingo den guztiaren jarraipena egingo dugu.
Festak osasuntsu ospatzeko garaia iritsi bitartean, goza ezazue liburuxkarekin!