"Festa zaratatsuen aldekoa naiz"
1.- Bateragarriak al dira pandemia eta festak?
Baietz esan nahiko nuke, baina egun hauetan ikusten ditudan berriekin gero eta garbiago dut denak bertan behera geratu daitezkeela. Egoera honi zerbait ona ateratzekotan, esango nuke dugun jaien eredua birpentsatzeko aukera ona izan daitekeela. Jarduera asko inertziaz egiten ditugu, horrela izan direlako beti, eta datorren urtean festak lehengo normaltasunez egiten badira aurten gailenduko diren jarduerei duten garrantzia ematea espero dut, eskaintza kulturala edo beste modu batera antolatu beharra esaterako.
2.- Zeintzuk dira zure Donostiako jairik gogokoenak?
Porrontxoak direla esan behar dut, Egian bizi bainaiz. Eta Donostian bizi aurretik ere asko gustatzen zitzaizkidan: beti etortzen ginen.
3.- Zer da jaietan faltaezina zuretzat?
Musika. Zuzenean, txarangan, txoznetan eta tabernetan, gauez edo egunez. Formatu guztietako musika ezinbestekoa dela uste dut, festa zaratatsuen aldekoa bainaiz, nahiz eta askotan lo egiten ez utzi. Musikak ematen die jaiei berezitasuna.