Zailtasunak zailtasun, mende bat beteko dute jaiek
Mende bat pasa da Intxaurrondo Zaharreko gazte talde bat jaiak antolatzen hasi zenetik; ehun urte luze hauetan jaiak antolatu dituzten taldeek hamaika egoeratara moldatu behar izan dute festak aurrera atera ahal izateko.
Intxaurrondo Zaharreko jaiek 100 urte beteko dituzte 2020an. Josean San Romanek, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkarteko kideak, jaiak asko aldatu direla adierazi du, 1919an gazte talde bat jaiak antolatzeko elkartu zenetik.
XX.mendearen hasieran baserri gutxi batzuk besterik ez zeuden gaur egun Intxaurrondo Zaharra gisa ezagutzen dugun lekuan. Herreran, Mirakruz Gainean eta Ategorrietan hiri-aglomerazioak lehenagokoak ziren, baina 1910. eta 1915. urteen artean eraiki zituzten etxebizitza blokeak Intxaurrondo kalean.
Leku askotatik iritsi ziren etxebizitza horietara sartu ziren bizilagunak, eta familia horietako gazteek jaiak antolatzeko beharra ikusi zuten; San Romanen hitzetan «egiteko gutxi zegoelako» garai horietan. Horrela, 1919an gazte talde bat auzoko emakume baten etxean bildu zen, eta zer jarduera antolatu zitzaketen eta nola egingo zuten erabakitzen hasi ziren.
Festak antolatzeko dirua behar zutenez, etxez etxe ibili ziren diru eske, eta Mirakruz gainaren inguruan zeuden etxaldeetako pertsonak izan ziren lehenengo jaiak ordaindu zituztenak.
Hasieran oso festa sinpleak ziren Intxaurrondo Zaharrekoak; txistulariak, Lizarrako dultzaineroak eta txarangak ziren lehenengo jaien oinarriak, baina urtez urte jarduera gehiago egiten hasi ziren: «Pixkanaka berbenak, haurren jolasak eta bertsolari lehiaketak iristen hasi ziren», dio San Romanek. Jarduera eta kirol tradizionalek ere lekua hartu zuten jaietan, eta toka txapelketak, txirrindularitza lasterketak, sokatira eta harri jasotzaile lehiaketak iritsi ziren gutxika.
Urteen poderioz Intxaurrondo Zaharra hedatzen joan zen, eta San Romanek adierazitakoaren arabera, Intxaurrondo kalean hogei saltoki eta hiru industria izatera iritsi ziren: «Festak asko hazi ziren, eta auzotik harago erreferetzialtasuna irabazi zuten; 1970eko hamarkadan hiru berbena zeuden aldi berean; Intxaurrondo kalearen hasieran eta amaieran bi, eta hirugarrena Zubiaurre kaleko sagardotegia zenean», esan du Intxaurrondokoak.
San Roman 1970. hamarkadan hasi zen festen antolaketarako taldean sartzen, eta orduan eskaintza kulturalean jauzi kualitatibo bat eman zutela azaldu du; izan ere, argazkilaritza lehiaketak eta kantu gregoriano erakustaldiak egiten hasi ziren. Tradizio horiek mantentzea oso zaila izan dela onartu du San Romanek, eta jaien lehen eguneko Festara izeneko koroa mantentzea lortu dutela kontatu du, nahiz eta zaila izan dela onartu duen: «Gaur egun kontzertuak eta gaueko jarduerak dira jaietan garrantzia handiena hartu dutenak, eta tradizioak mantentzea zaildu du horrek».
Festara izeneko koroaz gain, pregoiaren eguneko danborrada 1955. urtetik mantendu da, eta «Donostiako zaharrenetarikoa» dela baieztatu du.
Frankismoa eta jaiak
36ko gerrak errotik moztu zituen festak, Intxaurrondo «ez baitzen salbuespen bat». 1940an Donostiak Altza erosi zuen, eta garai batean Intxaurrondo Zaharrean zegoen muga desagertu egin zen. Donostiaren hedapen horrek Intxaurrondo Zaharrera etorkin asko joatea eragin zuen, eta San Romanen arabera horrek «guztiz aldatu zituen jaiak».
Biztanleriaren hazkunde horrek, ordea, ez zuen festak antolatzeko gogoaren galera ekarri, eta gerra zibilaren ostean jaiak antolatzen jarraitu zutela adierazi du San Romanek, «egunerokotasunetik ihes egin eta askatasunen faltari aurre egiteko».
Frankismoaren ostean, 1980ko hamarkadan, elkarte eta eragile politiko asko sortu ziren, eta jaien antolaketan parte hartu nahi izan zuten horietako batzuek. Hori dela eta, festak antolatzen zituzten taldeen kopurua bat izatetik hamabost baino gehiago izatera igaro zen, eta horrek festen beste eraldaketa bat ekarri zuen.
Jaien antolaketan hainbeste taldek parte hartu arren, San Romanek dio gutxi zirela lana «ganoraz» hartzen zutenak, eta azkenean jaien antolaketa Zulo Zahar elkartearen ardurapean geratu zen: «Horrek jaien antolaketa petit comité-an geratzea eragin zuen, eta gaur egun arte horrela ari dira festak antolatzen, onerako eta txarrerako».
Garai zailak
Festak asko aldatu dira azken urteetan, eta arrazoi nagusiak auzoaren eraldaketa eta festen antolaketa eredua direla dio San Romanek.
Intxaurrondo Zaharra asko aldatu da, XX.mendearen hasieratik aurrera batez ere, eta horrek festen antolaketan eta egitarauan eragin handia izan duela dio San Romanek: «Bizitza gehiago zegoen lehen auzoan, eta jende gehiagok hartzen zuen parte jaien antolaketan. Lehen jaiek aste bat baina gehiago irauten zuten, baina orain lau egunetara murrizten dira».
Mirakruz Gaina
Mirakruz Gaina Intxaurrondo Zaharraren parte izan aurretik, bizitza handia zuen auzoa zen. Donostia eta Altzaren arteko konexioa zen, eta horrek bere garapen propioa izatea ekarri zuen, baina San Romanek dioenaren arabera, 1940ko eta 1950eko hamarkadetan Intxaurrondo Zaharra bere inguruko auzo txikiak aglutinatzen hasi zen, eta Mirakruz Gainaren bizitza bereganatu zuen: «1957an Mirakruz Gaineko azken jaiak izan ziren, eta horien antolatzaileak Intxaurrondo Zaharreko jaiak antolatzen hasi ziren.
Intxaurrondo Zaharreko bizilagunek ezin izango dute jaien mendeurrena nahi bezala ospatu. Izan ere, irailetik aurrerako jaiak ere ezingo dira normaltasunez ospatu, eta intxaurrondotarrek 2021era arte itxaron beharko dute suziriaren eztanda entzuteko.