Argazkiaren atzeko historia
Zer dela eta zeraman Jiri Popper gazte txekoslovakiar juduak Realaren pina 1936an? Sareetan jakin-mina zabaldu zuen argazkiak, baina bitxikeria bat dirudienak gertaera ilun bat gordetzen du atzean.
Jiri Popper 1923eko uztailaren 21ean jaio zen Pragan (Txekoslovakia), eta 1943ko irailean Terezingo ghettotik Auschwitzeko kontzentrazio eta sarraski esparrura eraman zuten, beste 5.000 judutarrekin batera. Data zehatzik ez dagoen arren, handik gutxira hil zuten Jiri Popper gaztea.
Txekoslovakiarrak pasaporteko argazkian Realaren pina zeraman soinean. Realak plazaratutakoaren arabera, 1923ko Eguberrietan bi partida jokatu zituen talde txuri-urdinak Atotxan, Pragako Deutscher taldearen aurka. 1924an Realak Pragara egin zuen bidaia beste partida bat jokatzeko, eta Popper familiak pina eskuratu zuen han.
Propagandarako estrategia
Argazkiaren bitxitasunetik harago Jiri Popperri buruz jakiteko, Etxahun Galparsoro historialariarekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak. Popper, beste 5.000 judutarrekin batera, nazien propagandarako erabili zuten erail aurretik.
Terezin, Alemaniatik gertu dagoen Txekiako herri bat, 1780an eraikitako gotorleku bat da. Bigarren Mundu Gerran, 1941ean, Hirugarren Reichak trantsitu esparrua sortu zuen han, Txekoslovakiako judutarrak Alemaniako eta Poloniako kontzentrazio eta sarraski esparruetara eramateko. Hala ere, herrialde gehiagotako judutarrak deportatu zituzten esparru horretara, hala nola Eslovakiakoak, Hungariakoak, Danimarkakoak eta Herbehereetakoak.
Trantsitu esparru horretan zeuden deportatuak konturatu ziren Alemaniako eta Poloniako esparruetara eramaten zituzten pertsonak desagertu egiten zirela; Terezinen zeuden deportatu guztiak heriotzara kondenatuta zeudela zabaltzen hasi zen orduan. Informazio hori aliatuen eskuetan erori ez zedin, 1943aren erdialdean Hirugarren Reichak Alemaniako Gurutze Gorriaren delegazio bat Terezinera gonbidatu zuen. Terezinetik beste kontzentrazio eta sarraski esparruetara bidaltzen zituzten deportatuak ondo zeudela erakusteko, 1943ko irailean 5.000 judutar bidali zituzten Auschwitzeko esparrura; horiei, beste presoei baino eskubide gehiago eman zizkieten.
Auschwitzera eraman zituzten deportatuek gutunak bidaltzen zituzten Terezinera, nola tratatzen zituzten jakinarazteko. Hala, Gurutze Gorriko delegazioko kideek gutun horiek ikustean, nazien bertsioa sinetsi zuten. Hitlerren gobernuak lortu zuen aliatuei informazio sektretu hori ez iristea.