Bi noranzko inklusioa bultzatzeko elkartea sortu dute
Darkum izena du Donostian bizi diren hainbat gazte migratzailek sortutako elkarteak. Errefuxiatuen eguneko manifestazioan egin zuten lehen agerraldia elkarte moduan. Euren egunerokotasunean garrantzitsuak diren gaiak landu nahi dituzte.
Tangerrekoa bada ere, 13 urte zituenetik darama Sara Mchichouk Gipuzkoan, eta egun Donostian bizi da. Tetuanen jaiotako Firdaouss Saadouni ere txikitan, 8 urte zituela, iritsi zen Zarautzera familiarekin. Biek karrera Donostian ikasi dute, norberak bere arloan. Eta biek erabaki dute Darkum proiektuaren parte izatea.
Darkum Donostian bizi diren gazte migratzaile talde baten ideietatik abiatuz sortutako elkartea da. Gazte horietako gehienak Marokokoak dira, duela urtebete eta urte eta erdi inguru iritsi ziren Donostiara, eta kalean bizi dira. «Nire ustez, aukera bat da, orain arte egin ezin genuena egiteko, neska-mutilek eurentzat sortutako elkartea baita», nabarmendu du Mchichouk. Ikasketa maila askotako gazteek osatzen dute taldea. «Gazteek ideiak zituzten, baina horri bultzada bat emango zion jendea behar zuten, proiektua egia bihurtzeko», azaldu du Ahmad Abou Messaoudak. Bera ere duela urte eta erdi iritsi zen Tangerretik Donostiara. Ekonomian eta zuzenbide frantsesean lizentziaduna da. Beste kide bat, berriz, Geografian lizentziaduna da, eta Marokon esperientzia zuen elkarteetan. «Gaia mugitzen joan direnak izan dira», kontatu du Mchichouk.
Dena den, elkartea sortzeko beste zailtasun bat paperak izan ziren. «Paperak zituen norbait behar zuten, elkarte moduan eskubidea izateko. Une honetan elkartean paperak ditugun batzuk gaude bakarrik, horien artean Firdaouss eta biok», azaldu du Mchichouk. Lehen zailtasunak atzera utzita, elkartea sortzea lortu dute.
Une honetan elkartearen antolakuntzan hamabost gazte inguru daude, horien artean Messaouda, Mchichou eta eta Saadouni. «Diziplina anitzeko taldea sortzen saiatu gara –gizarte hezitzaileak, kriminologian adituak, zuzenbidean adituak…–. Askotariko ikuspuntuak bildu izan nahi ditugu, errealitatea modu anitzetan aztertu eta bakoitzak bere ekarpena egin dezan». Antolatutako jardueretan, aldiz, beste 30 bat gazte inguru batzen dira. 18 eta 30 urte bitarteko pertsonak dira.
Zuen etxea, gure etxea
Darkum hitzak «zuen etxea» esan nahi du arabieraz. «Donostiara iristen den edozein pertsonaren etxea dela transmititu nahi dugu izen horrekin, erraz barne hartuko dituena. Alegia, gurean integratzeko arazorik ez dutela topatuko gurean, eta edozein gauzatan lagunduko dugula», dio Messaoudak. Errealitatea ondo ezagutzen du. «Ni iritsi nintzenean ez nuen inor ezagutzen, eta hori ez da atsegina», azaldu du.
Bestalde, horietako asko kalean bizi direnez gero, Darkum hitzak beste esanahi bat ere hartzen du testuinguru honetan. «Gehiengoak ez du etxerik, eta Darkumek, hain zuzen ere, haiek hartu, babestu, artatu, eta euren etxean sentitzea ere nahi du nolabait. Jarduerak antolatzeaz haratago, familia bat izaten saiatzen gara, eta talde bat dugu gure artean hitz egin eta laguntzeko», nabarmendu du Saadounik.
«Dena den, bi noranzko inklusioa duen elkarte bat izatea nahi dugu», argitu du Mchichouk. Alegia, hemen jaio eta betidanik bizi izan den norbait gerturatu dadin ere pentsatuta dago, «nortzuk garen ezagutu eta errealitatea beste aldetik ikusteko. Izan ere, beste herrialde batetik zatozenean egokitzeko eskatzen dizute, ordura arte izan zaren guztia ahaztu eta beste bat izaten ikasteko. Egokitzea ondo dago, baina ez dituzu zertan zure sustraiak ahaztu. Hemengoek irekitzen eta aniztasuna onartzen ikasi behar dute», azaldu du Mchichouk.
Elkartearen lehen jarduera ekainaren 20an izan zen. Egun horretan, beste hainbat elkarterekin batera, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguneko manifestazioan parte hartu zuten. Joan den astean, berriz Mater museoarekin zabor bilketa egiten aritu ziren Jaizkibelen. «Hasieran gaude oraindik, baina ideia asko ditugu», nabarmendu du Messaoudak. Besteak beste, futbol talde bat osatzen ari dira. «Neska-mutilen taldea izango da, eta helburua da jatorri askotako gazteek osatzea, lagunarteko futbol partidak eta elkartasunezkoak egiteko», azaldu du Mchichouk. Aisialdiko jarduerak egiteaz gain, «gure egunerokotasuna ukitzen duten beste hainbat aspektu ere landu nahi ditugu, esaterako giza eskubideak eta genero berdintasuna», gehitu du.
Harrotu ileak, elkarlanerako beste gune bat
Gazte migratzaileen gizarte-inklusioan laguntzeko askotariko egitasmoak daude hirian. Esaterako, 2017an sortutako Harrotu ileak egitasmoa, Tabakaleran ibiltzen diren hainbat gazte migratzailek, Tabakalerako hezkuntzako arduradunek eta hainbat artistek osatzen dutena. Kultura du oinarrian. Sara Mchichouk urte hasieratik dabil Harrotu ileaken parte hartzen. Ahmad Aboud Messaouda konfinamenduaren ondoren gehitu zen, hilabetez, eta bai berak baita Mchichouk ere beste neska-mutilen bitartez ezagutu zuten egitasmoa. Firdaouss Saadounik, aldiz, unibertsitatean ezagutu zuen, baina parte hartzen aritu da bera ere. Are gehiago, egitasmo honen bitartez ezagutu du Darkum. « Harrotu ileaken gauden gehienak Darkumen barruan daude. Dena den, Darkumen dauden baina Harrotu ileaken parte hartzen ez duten neska-mutilak ere badaude. Eta, noski, alderantziz ere bai», azaldu du Mchichouk. Aurten serigrafia eta zinema izan dira jorratutako bi gai. «Kamisetak egiteaz haratago, elkar ezagutzeko espazio bat eskaini digu Harrotu ileakek. Alegia, aisialdirako jarduera bat izan da, bai, baina alderdi pertsonala lantzeko espazio bat ere bai», kontatu du Mchichouk . «Kontua da gazte horietako askok ikusi dutela egitasmo hauek guztiak eurentzako lagungarriak izanda ere, euren ahotsa ez dela benetan iristen, eta ez dutela benetan eurek nahi dutena egiten. Horregatik erabaki dute elkartea sortzea: gauzak eurengandik jaio daitezen, eurek nahi duten horretatik», azaldu du Saadounik.