Gaur hasiko dira Loiolako San Ignazio jai birtualak
Jai bereziak izango dira aurtengo Loiolako sanignazioak, osasun-larrialdiak jai batzordea festak egiteko modu berriak bilatzera behartu baitu. Donostiako Udalaren ezezkoen ostean, jaiak Internet bidez egingo dituzte loiolakoek.
Txistulariekin auzoan zehar egingo duten diana batekin hasiko dituzte Loiolako jaiak. Nahiz eta osasun-larrialdian egon, Ander Edo Loiolako Jai Batzordeko kideak adierazi du «egitarau sinboliko bat aurrera ateratzea» lortu dutela, teknologia berriei esker. Gaur hasita, igandean amaituko dira San Ignazio jaiak Iltzearen Ehorzketarekin.
Jaietako egitarau «xume» bat egitea prozesu zaila izan dela onartu du Edok: «Momentu batean bi aukera genituela ikusi genuen: jaiak bertan behera uztea edo teknologia berriei esker egitarau sinboliko bat egitea. Azkenean, kultur etxearen eta Sutan Dance elkarteari esker lortu dugu jai birtual batzuk antolatzea».
Izan ere, Ander Edok adierazi du kultur etxearen eta Sutan Dance elkarteen laguntza berebizikoa izan dela egitaraua aurrera ateratzeko, baliabide ezberdinak eskaini baitizkiete; espazio fisikoa eta grabatzeko materiala eta jakintza, adibidez: «Kultur etxeak hasieratik eskaini digu aretoa zuzenekoak egiteko, baita bertsolariak eta bestelako pertsonak lotzeko ere. Sutan Dance elkarteak, berriz, grabatzeko materiala utzi digu, baita sareetan ondo zabaltzeko eta zuzenekoak ondo egiteko jakintza ere».
Komunikazio arazoak
Nahiz eta kultur etxearen eta Sutan Dance-ren laguntza izan, Edok dio Donostia Festakekin elkarlana ezberdina izan dela. Jai batzordeko kideek behin behineko egitarau murriztu bat aurkeztu zieten Donostiako Festakeko ordezkariei. Egitarau horretako jarduera batzuk kalekoak ziren, segurtasun neurriak bermatzea ahalbidetuko zutenak, txaranga bat adibidez. Donostiako Festakek ezezkoa eman zien, eta nahi bazuten balkoi batetik txupinazo sinboliko bat egin zezaketela esan zieten.
Ezezkoaz gain, Donostiako Festakeko ordezkarien jarrera salatu du Ander Edok: «Hasieratik zuten garbi ez zigutela jaiak egiten utziko, eta oso zurrunak izan ziren. Egiten genituen proposamen berriak ez zituzten entzun ere egiten».
Nahiz eta Donostiako auzoetako jai batzordeei kaleko jarduerak egitea debekatu, Donostiako Udalak Aste Nagusi alternatiboa antolatu du, eta gainontzeko jaiei debekatu dizkieten jarduerak egingo dituzte. Ander Edoren ustez, jarrera hau guztiz paternalista da: «Honekin esan nahi digutena da guk ez dakigula jai batzuk segurtasunez antolatzen, baina beraiek bai».
Zuzenekoak jaietan
Konfinamenduan kultur arloko pertsonek eta sortzaileek asko erabili dute teknologia berriek ahalbidetzen dituzten zuzeneko edo streamingak, eta aurten jaietan garrantzia handia hartuko du emanaldi mota honek. Loiolako jaietan, kultur etxeari eta Sutan Dance elkarteari esker, hainbat jarduera zuzeneko emisio bidez egingo dituzte. Ekitaldi guztiak Loiolako Jai Batzordearen Youtubeko kanaletik zabalduko dira. Gaurko ekitaldi nagusia bertso saioa izango da: 17:00etan Anjel Mari Peñagarikano eta Miren Amuriza bertsotan arituko dira zuzenean. Bihar, mozorroaren egunean, 11:00etan haurrentzako ikuskizuna egingo dute, eta 17:30ean joan den urtean arrakasta izan zuen Loiola Got Talent lehiaketa egingo dute. Igandean ‘Cine de barrio’ deituriko emanaldia egingo dute, eta Loiolan egindako pelikulak eta film laburrak jarriko dituzte. Film laburrak komentatzeko eta solasaldia izateko Begoña del Teso kazetaria gonbidatu dute.
Tabernekin elkarlana
Auzoko tabernek parte hartze nabarmena izango dute jaietan. Izan ere, zuzenekoak etxetik ikusteko aukera izateaz gain, auzoko hainbat tabernatan zuzeneko ekitaldiak emango dituzte, bertan dauden pertsonek segurtasun neurriak errespetatuz ikus ditzaten. Gainera, zuzeneko emanaldian taberna batzuek umorezko iragarkiak egingo dituzte. Bestalde, bihar 14:00etan bazkaria antolatu dute auzoko tabernetan. Hilabete zail batzuen ostean tabernak lagundu nahi dituzte jai batzordeko kideek, segurtasun neurriak errespetatuz.
Hala ere, auzoko giroa gazi-gozoa dela adierazi du Ander Edok. Osasun-larrialdia dela eta, jendea kutsatzeko beldur da, eta batzuek hala adierazi dute jai batzordearen Facebook orrian idatzitako iruzkinetan. Jai batzordeko kideek auzotarrei gogorarazi diete ekitaldi guztiak zuzenean Internetez egingo direla, eta kutsatzeko arriskurik egongo ez dela. Tabernari batzuk ere kezkati daudela esan du Edok, jende pilaketak kosta ala kosta saihestu nahi baitituzte.