"Gure lana da Donostia eder mantentzea"
Ametza Lorezaintza enpresako langileak dira Denis Esnal eta Iñaki Eizmendi lorezainak. Donostiako Udalak azpikontrataturiko enpresa da, eta urteak daramatza hiriko lorategiak zaintzen. Esnalek bost urte daramatza lanean, eta Eizmendik bi. Orain arteko esperientziaz galdetuta, arazo gehien zakurren kakekin izaten dutela diote, eta Donostiako Udalak neurriak hartu behar dituela uste dute.
Nola funtzionatzen du zuen lanak?
Denis Esnal (D.E.): Gure funtzioa da Donostiako zona berde guztiak zaintzea. Zuhaitzak ez, zuhaitzen ardura beste enpresa batena baita. Hiru anaia dira, bakoitzak enpresa bat dauka, eta bakoitzak Donostiako lorezaintzaren arlo bat darama.
Zeren arabera joaten zarete leku batera edo bestera lan egitera?
Iñaki Eizmendi (I.E.): Udalak eremuka ditu banatuta hiriko lorategi eta parkeak, eta agintzen digutenaren arabera joaten gara leku batera edo bestera. Gutxi gora-behera, udalak detektatzen du zein eremutan dagoen gabezia bat edo non egin behar diren mantentze lanak, eta hara bidaltzen gaitu.
D.E.: Udalak dauka agintea, eta hortik datoz aginduak.
Zein lan mota egiten dituzue?
I.E.: Landaketak, inausketak, belarra moztea, zuhaixkak, arbustuak moztea eta belar txarrak kentzea, batik bat.
D.E.: Gure lana da Donostia eder mantentzea. Hori dela eta, ea datorren urtean Urrezko Danborra ematen diguten!
Nola aurkitzen dituzue lorategiak?
D.E.: Zonaren arabera. Udalak era jakin batera dauka banatuta Donostia, eta askoz garrantzia handiagoa ematen dio Erdialdeari. Horregatik, askoz denbora gehiago ematen dugu Erdialdea zaintzen. Altzako bizilagun askok esaten didate euren etxearen azpian belarra oso luze dagoela, eta esaten diet, «etxea Erdialdean erosi behar zenuen ba!».
I.E.: Zuk pentsa Erdialdean bederatzi egunetik behin mozten dugula belarra. Altzan, aldiz, bi hilabete eman ditugu belarra moztu gabe.
D.E.: Horregatik, Altzan Erdialdean baino askoz zakur kaka gehiago aurkitzen ditugu. Udalak utzikeriaz jokatzen duela ikusten dute, eta jendeak ere utzikeriaz jokatzen du.
Gainera, Erdialdeko lorategiak txukun-txukun ikusita, jendea tentu handiz ibiliko da, ezta?
D.E.: Bai, baina hala ere aurkitzen dituzu kakak, ez pentsa.
I.E.: Era berean, Erdialdeko lorategiak gehiago mozten ditugu, eta beraz, kaka txikiago gelditzen da, Altzan eta bestelako guneetan bezala mokordo guztia luzaroan geratu beharrean.
D.E.: Gainera, askotan makinarekin mozten dugu Erdialdean, ez beti sasiak garbitzeko makinarekin; horrekin sortzen baitira arazoak.
Beste ezer topatzen duzue lorategietan?
I.E.: Etxebizitzen azpian dauden lorategietan denetarik aurkitzen duzu. Arropa zintzilikatzeko pintzak, konpresak, oilasko izterrak, bizarra mozteko xaflak, eta abar.
D.E.: Utzikeria kontua da. Udalak utzikeriaz jokatzen duen lekuetan, jendeak ere utzikeriaz jokatzen du.
Desberdintasun nagusiak, beraz, Erdialdetik periferiako auzoetara ematen dira?
D.E.: Erdialdea, Amara Berri eta Antigua nahiko ondo egoten dira, bai udalaren aldetik baita herritarren aldetik ere. Uretatik hurbil dauden eremuak.
I.E.: Baina Egiara, Altzara, Intxaurrondora, Loiolara, Martutenera, Bidebietara eta horrelako auzoetara zoaz eta lorategiak ez daude batere zainduta. Ondorioz, zakur kaka gehiago aurkitzen ditugu.
Zakur gehien dauden auzoetan ere kaka gehiago aurkituko dituzue, ezta?
I.E.: Bai, Intxaurrondon eta Altzan, esaterako.
D.E.: Agian klasista izatea da hau esatea, baina orokorrean, gizarte maila baxuetako jendeak zakur gehiago izaten ditu maila altuetako jendeak baino; Erdialdean askoz zakur gutxiago ikusten dira beste auzoetan baino. Ni, adibidez, lorezaina naiz eta zakurra daukat.
Jendeak jakin dezan, zer gertatzen da belarra mozten ari zarenean zakur kaka bat harrapatzen baduzu?
I.E.: Sasiak garbitzeko makinarekin zoazenean, kaka bat harrapatzen baduzu, dena zipriztintzen duzu, eta aurpegira ere iristen zaizu.
D.E.: Osorik jaten duzu. Askotan pentsatzen dut zuk ez dakizula zakur horrek gaixotasunen bat duen, esaterako. Eta askotan begitara joaten zaigu, zuzenean. Gaixotasun bektore bat da, azken finean. Udalak neurriak hartu behar ditu zentzu horretan.
I.E.: Ez duzu eguna kakak jaten ematen, baina bost bat bai jaten dituzula.
Kexak aurkeztu dituzue udaletxean?
I.E.: Gure artean hitz egin dugu zerbait egiteko, baina azkenean ez gara mugitu. Udaltzain bati behin galdetu nion zer egiten duten horren harira, eta esan zidan noizean behin zaintzak egiten dituztela herritarrez jantzita, kakak jasotzen ez dituztenei isunak jartzeko. Nik hori ez dut sinesten.
D.E.: Udalak hauxe egin beharko luke: kanpaina sendo bat zakur kakak lorategietan uztearen aurka.
Udalak gizalegearen aldeko kanpainak egiten ditu noizean behin.
I.E.: Bai, argi dago ez dutela funtzionatzen, zakur kakak lorategietan uztearen aldetik behintzat. Errenterian, adibidez, lorezainek bandera txikiak jarri zituzten kaka bakoitzak protesta gisa, eta beste hiri batzuetan panfletoak banatu dituzte, esaterako.
D.E.: Jendea kontzientziatu egin behar da.
I.E.: Jendeari ondo azaldu behar dizkiozu gauzak.
Jendea konturatzen da kaka lorategian uzten duen bakoitzean pertsona bat doala atzetik belarra moztera eta kakarekin topo egiten duela?
D.E.: Askok ez dakite, eta beste askok tontoarena egiten dute.
I.E.: Denetarik dago. Nik uste dut asko ez direla konturatzen lorategi hori txukun egoteko pertsonak ari garela hor lan egiten. Askotan, esaten dizute ongarria dela, eta makina gainetik pasatzeko. Makina pasatzen baduzu, ez da ezer gertatzen, baina izkinak mozteko, esaterako, sasiak garbitzeko makina erabiltzen dugu, eta horrekin dena kakaz zipriztintzen duzu.
Jendearen kontzientziazio maila nahikoa da?
I.E.: Ez, kontzientziazioa askoz gehiago landu behar da. Ez soilik zakur kakei dagokienez, baita zaborrari dagokionez ere. Udalak kanpainak egin beharko lituzke zentzu horretan, edo beste irtenbideren bat eman. Esaten dutenez, badaude isunak gai horren harira, baina ez dakit zenbat jartzen dituzten.
D.E.: Koronabirusaren kontu honekin, gainera, neurri ugari hartu behar ditugu, baina gero lorategiek zikin-zikin jarraitzen dute. Ez dut uste isun asko jartzen dituztenik, eta jendeak ez ditu zakurren debekuen kartelak errespetatzen.
Donostiako zein auzotan dago zikinkeria gehien?
I.E.: Altzan eta Bidebietan bereziki. Altzan, esaterako, etxebizitzen atzeko aldeko lorategi txiki asko daude, eta jendeak pentsatzen du ez dela ezer gertatzen horrelakoetan zakurrak kaka egiteagatik. Egian ere kaka dezente aurkitzen ditugu, egia esan. «Lorategi horretara ez da inor sartzen», esaten dizute, baina bai, lorezainak sartzen dira. Gainera, kakekin gaixotasunak transmititu daitezke, eta ez da soilik guregatik, haurrengatik ere; lorategi batera sartzen direnean, kakaz beteta baldin badago, gaizki.
D.E.: Gaixotasunak kutsatzeko bektoreak dira, azken finean.
23.550 zakur
2016eko azken erroldaren datuen arabera, 23.550 zakur daude Donostian. Txiparekin erregistratuta daudenak dira. Horietatik, 481 dira potentzialki arriskutsuak. Azken urtetan kopuruak behera egin du, aurretik gehiago zirelako. Zehazki, 556. Ordutik ez dira datuak berritu, baina gaur egungo kopurua antzekoa dela dio udalak. Bestalde, Donostian zakurrentzako parke berezitu bakarra dago; Loiolako Erriberako Guau izeneko gunea. Alderdi Ederreko lorategietan ere eremu bat dago zakurrentzat.