Beste modu batera egingo dituzte jaiak Amaran, Zubietan eta Loiolan
San Inazio egunaren bueltan izan ohi dira Amarako, Zubietako eta Loiolako jaiak, eta aurten, normaltasun berrira egokitu behar izan dituzte egitarauak.
Uztaila amaieran izaten da Amarako jaien, Zubietako herri jaien eta Loiolako San Inazio jaien txanda. Jaiak ezagutzen ditugun bezala egiteko debekua indarrean dagoen arren, aurretik izandako hiriko hainbat jaietan bezala, egoerara moldatutako festak prestatu dituzte hiru leku horietan. Hain zuzen, jai batzordeak lanean aritu dira egun hauek oharkabean pasatu ez daitezen, eta bakoitzak alternatiba desberdin bat aurkitu du.
Amaran, esaterako, egitaraurik ez prestatzea erabaki dute, baina auzoan jai egunak direla nabaritzeko, balkoiak, leihoak eta erakusleihoak apaintzeko deia egin diete auzotarrei: «Kartel bat egingo dugu jendeari bruxekin eta zapiekin auzoa apaintzeko eskatuz. Gainera, egiten dituzten bazkarien eta poteoen argazkiak sare sozialetara igotzeko ere eskatuko diegu», azaldu dute jai batzordekoek.
Zubietako Santio jaiak ere ez dira ohikoak izango. Horrela ere, jai batzordeak beste hainbat eragilerekin batera, bi jarduera antolatu ditu. Hilaren 25ean, bertso saio bat egingo dute, eta hilaren 26an, Tio Teronen semeak dantza taldeak Freshcool ikuskizuna eskainiko du. Bertso saioan Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu eta Iñigo Mantzizidor Mantxi ariko dira kantuan. Gaiak jartzeaz, berriz, Zortzitan bertso eskolakoak arduratuko dira.
Bi jarduerak Zubietako plazan izango dira, 19:00etan. Antolatzaileek nabarmendu dute osasun eta segurtasun protokoloak errespetatuko dituztela. Jardueretan parte hartzeko, sarrerak aurretik erostea ezinbestekoa izango da, eta sarrerak usurbilkultura.eus webgunean erosi daitezke.
Loiolan, aldiz, teknologia berrik paper garrantzitsua izango dute aurtengo jaietan. Jarduera ugari antolatu ditu jai batzordeak, baina jende pilaketak saihesteko, streaming bidez zabalduko dituzte.
Horrela, jaietarako prestatutako jarduera eta ikuskizunak online jarraitu ahalko dituzte Loiolakoek, besteak beste, hilaren 31n kultur etxean egingo duten bertso saioa; han izango dira Miren Amuriza eta Jexux Mari Peñagarikano bertsolariak.
Uda honetan beste auzo batzuetan egin duten bezalaxe, datozen gainerako jaietan ere modu berriak asmatu beharko dituzte auzotarrek normaltasun berriari gozamenez, algaraz eta segurtasunez heltzeko.