Erakusketako 9 harribitxi
'Donostiako Alde Zaharra, kalez kale' erakusketa osatzeko dokumentazio eta bilaketa lan sakona egin dute Ancora elkartekoek. 200 eraikin eta leku ingururen 700 irudi bildu dituzte, baita horien inguruko informazio historiko eta teknikoa ere. Horietako batzuk asko aldatu dira, beste batzuk, ordea oso gutxi; halaber, gutxi batzuk, jadanik, ez dira existitzen. Eneko Oronozek, Ancora elkarteko kideak, erakusketan agertzen diren bederatzi eraikin nabarmendu ditu: bederatzi harribitxi.
1. ESKOLA PUBLIKOAK ETA ALONDEGIA
Neoklasiko hutseko eraikin dotorea
“Donostiaren sutearen ondorengo berreraikuntza diseinatu zuen arkitekto berak egindako eraikin publikoa zen. Fatxada nagusi osoa harearrizkoa zen, eta ordena erraldoiko zutabe jonikoak zituen. Eraikin neoklasiko hutsa zen, oso dotorea, etxe kontsistorialaren antzekoa, baina txikiagoa. Hainbat funtzio bete zituen, besteak beste, alondegia izan zen, baita eskola publikoa, epaitegia, eta eskola nautikoa ere. 1950. urtean eraitsi zuten, lekua egin, eta autobusek han aparkatu ahal izateko. Erabaki tamalgarria izan zen. Gaur egun erabiltzen dituzten argudio berdinak erabili zituzten: eraikina zaharra eta itsusia zegoela. Gaur egun eraiki hori babestuta egongo litzateke, eta monumentu bat izango litzateke”.
- Non: Sarriegi plazan.
- Arkitektoa: Pedro Manuel Ugartemendia.
- Eraikuntza urtea: 1829. urtea.
- Eraisketa urtea: 1950. urtea.
- Babes maila: Oinarrizko Babesa.
Indianoen kapitala hiria berreraikitzeko
“Eraikin honek eraikuntza maila bikaina dauka. Hareharrizkoak dira fatxada guztiak, eta arku itsu bereziak ditu hormetan. Etxearen lehioek dituzten burdin hesietan eraikuntza urtea ikusi daiteke: 1829. urtea. Hiriaren berreraikuntza posible egin zuen kapital indianoaren adibide da etxe hau”.
- Non: Fermin Calbeton kalea, 54 (Puyuelo edo Apaiz kalea).
- Arkitektoa: Eustaquio Diez de Güemes.
- Eraikuntza urtea: 1829. urtea.
- Babes maila: Oinarrizko Babesa.
3. SALCEDO ETXEA ETA BARANDIARAN TABERNA
Gipuzkoako art déco estiloko altxor hoberena
“Presentzia handia duen eraikina da, Bulebarra eta Kale Nagusiaren izkinan; sarrera monumentala eta leiho termalak ditu. Parte Zaharrean nagusi den arkitekturaren aldean, diseinu berezia du. Eraikin honen berri izatean jakin genuen Ugartemendiak ez zituela eraikin publikoak soilik eraiki: etxebizitza pribatuetarako proiektuak ere egin zituen. Eraikinaren etxabeetan Barandiaran taberna egin zuen Pablo Zabalo arkitektoak; duela gutxi itxi dute. Art déco estiloko altxor bat da, seguru asko Gipuzkoako onena, eta azpimarratzekoak dira bere marmolak, urre koloreko mosaikoak, eta maumejean estiloko beirateak”.
- Non: Kale Nagusia, 2.
- Arkitektoa: Pedro Manuel Ugartemendia.
- Eraikuntza urtea: 1818-1820. urteak.
- Babes maila: Oinarrizko Babesa.
Eraikuntza kalitate bikaineko hiri-jauregia
“Erakusketaren beste aurkikuntzetako bat da hau. ‘Hiri-jauregi’ honek eraikuntza kalitate bikaina dauka: hareharrizko bi solairu, eta sarrera monumentala, besteak beste. Diseinua Silvestre Perez arkitektoarena da, Ugartemendiaren maisuarena. Madrilgo arkitekto nagusia eta Josef Bonaparteren arkitektoa izan zen: Ilustrazioaren arkitekto hoberenetako bat, zalantzarik gabe”.
- Non: San Jeronimo kalea, 20.
- Arkitektoa: Silvestre Perez.
- Eraikuntza urtea: 1819. urtea.
- Babes maila: Oinarrizko Babesa.
Jesuiten elizaren ordez eraikitako etxeak
“Eraikin hau eta alboko Labroche Etxea dauden lekuan, Okendo familiak eraikitako jesuiten eliza zegoen. Bi etxeak eraikuntza onekoak dira, eta harriarekin eraikita daude. Karlos III.ak jesuitak bota zituenean, orubeak saldu zituzten eta bi etxe horiek egin zituzten. Alboan eskolaren zatia utzi zuten, eta geroago espetxe bihurtu zuten gune hori; azkenik, Trinitate plaza sortu zuten bertan”.
- Non: Abuztuak 31 kalea, 40.
- Arkitektoa: Ezezaguna.
- Eraikuntza urtea: Sutearen aurrekoa.
- Babes maila: Oinarrizko Babesa.
6. ARRANTZALEEN ARKUPEDUN ETXEAK
Arrantzaleen bizitzak aldatu zituen proiektua
“Etxebizitza horiek egiten asmatu egin zuten, hirigintzaren ikuspegitik. Orain arte, ezezaguna zen horien egilea eta eraikuntza urtea; horien planoa ere ez zen ezagutzen. Marinel kutsuko eraikinak dira, eta hareharriz eraikitako zutabeek osatutako arkupeak dituzte. Horien eraikuntzak erabat aldatu zuen arrantzaleen bizitza”.
- Non: Kaiko pasealekua, 9-15.
- Arkitektoa: Manuel Aranburu.
- Eraikuntza urtea: 1852. urtea.
- Babes maila: Oinarrizko Babesa.
Lau auzotan zatitutako hiria
“Mantentzen den kartel bakarra Lehen auzoarena da [Barrio Primero]: San Jeronimo eta Fermin Calbeton kaleen gurutzagunean dago, uso baten eskulturaren azpian. Beste hirurak birjarri behar direla uste dut, garai barrokoan Parte Zaharraren antolaketa erakusten duelako. Gurutzaguneko anguluetan dauden lau etxeak oso azkar eraiki zituzten, 1817. urtearen inguruan; horrela, “hiri” itxura eman nahi zuten, birrindutako hiriaren egoera disimulatzeko”.
- Non: San Jeronimo-Puyuelo kaleen gurutzagunea.
- Eraikuntza urtea: 1769. urtetik aurrera, hiria lau auzotan banatu zuten: Lehen auzoa, Bigarren auzoa, Hirugarren auzoa eta Laugarren auzoa.
Hareharri eta marmol arrosezko iturri bat
“Uraren garrantzia irudikatzen du iturri honek. Gaur egun ohikoa den arren, ondasun eskasa zen 1848. urtera arte: hirian iturri bakarra zegoen, eta Plaza Zaharrean, harresiari itsatsita zegoen. Joaquin Ramon Etxebestek, udal arkitektoak, Uliatik zetozen urak kanalizatu zituen, hareharriz egindako tunelen bitartez. Garai hartarako sekulako ingeniaritza lana izan zen. Plano berezia du, eta hareharriz eta marmol arrosez egina dago. Behin Kañoyetan iturria eraikita, iturri gehiago eraiki zituzten hirian: San Bizenten, Fermin Calbetonen, Bretxa plazan, eta abar. Gaur egun, Kañoyetan eta San Bizentekoak bakarrik existitzen dira”.
- Non: San Jeronimo kalea, 20.
- Arkitektoa: Joaquin Ramon Etxebeste.
- Eraikuntza urtea: 1848. urtea.
Kataluniatik etorritako Brunet familiaren etxebizitza
“Eraikin barrokoa da hau, sutearen aurrekoa. Brunet familia, jatorri kataluniarrekoa, Gipuzkoara etorri ziren bizitzera. Oso ekintzaileak ziren, eta hainbat proiektu sortu zituzten: Oriako irundako gaien fabrika, Ondarretako botilen fabrika, tranbia, besteak beste. Enpresa horiek Gipuzkoaren industralizazioaren parte izan ziren, XIX. mendean. Eraikinak Luis XV.aren estiloko burdinezko balkoiak ditu, eta nagusian familiaren inizialak agertzen dira”.
- Non: Iñigo kalea, 9-11.
- Arkitektoa: Ezezaguna.
- Eraikuntza urtea: XVIII. mendea.
- Babes maila: Oinarrizko Babesa.