Ganbaratik izeneko diskoa kaleratu dute Beñaranks abeslari donostiarrak eta Argizulo ekoiztetxeak

Bi urteko lanaren ostean, Ganbaratik izeneko diskoa atera dute Beñaranks Donostiako abeslariak eta Argizulo Zestoako ekoiztetxeak. Bi urtetan elkarlanean aritu dira abeslari donostiarra eta ekoiztetxe independientea osatzen duten Mikel Aveiro eta Ladis Rivas, eta denbora honetan grabatutako freestyle-ak eta estudioko lanak euskara hutseko disko batean bildu dituzte.
Disko hau egiteko 1970 eta 1980etako hamarkadetako musika jamaikarra izan dute erreferentzia, nahiz eta teknika berriekin egin duten. Zortzi abestietako disko honetan hainbat klasetako gaiak jorratzen dira, izan pertsonalak, unibertsalak, arinak ala sakonak.
Abesti guztiak Argizuloren ganbaran ekoiztu dituzte, eta hortik dator diskoaren izena. Diskoa Youtube, Spotify, Bandcamp eta antzeko plataformetan entzungai dago, eta CDa Bandcamp-en erosi daiteke, baita musutruk deskargatu ere.