Helburua beteta bukatu dira Loiolako jaiak: koronabirusaren gainetik, komunitatea indartzea

Koronabirusaren pandemia dela eta, ezin izan dituzte Loiolako jaiak ohiko moduan egin, baina ez dute amore eman, eta jai berezi batzuk ospatzea lortu dute. Jarduera gehienak Interneteko zuzeneko emanaldien bidez egin dituzte, hala nola, ‘Loiola got talent’ lehiaketa, bertso saioa eta iltzearen ehorzketa bera.
Horrelako baliabideak erabiltzeak jende asko kanpoan uzten duela adierazi du atsekabez Ander Edok, Loiolako jai batzordeko kideak, baina jaiak nolabait egiteko modu bakarra zela nabarmendu du. Horrela, helburuak betetzea lortu dutela azpimarratu du: “Alde batetik, jaiak modu sinbolikokan bada ere ospatzea zen helburua, eta bestetik, alaitasuna eta auzoko komunitate sentimendua indartzea. Guretzako, horretarako baliabide bat dira jaiak, urtean zehar mantentzen den komunitate sentsazioa indartzeko baliabide bat, alegia”. “Sua piztuta mantentzea” lortu dutela adierazi du pozik Edok, eta jarduera guztiak ondo joan direla azaldu du: bertso saioa, txupinazoa, ‘Loiola got talent’ lehiaketa, Begoña del Teso kazetariarekin egindako saioa, iltzearen ehorzketa, eta abar. Denak Loiolako jaietako Youtubeko kanalean daude ikusgai. Ekitaldi batzuk tabernetan zuzenean proiektatu dituztela ere adierazi du jai batzordekoak, eta hori ere jai batzordeko kideen lanari esker izan dela azpimarratu du. Sutan Dance taldearen lana ere goraipatu du Edok, euren laguntza “berebizikoa” izan dela azpimarratu baitu. Era berean, aurten abiatu duten lankidetza mantentzea espero dutela azaldu du.
Jaien emaitzarekin pozik agertu bada ere, Donostiako Udalak auzoetako jaiekiko izandako jarrera salatu du Edok. Loiolako kultur etxeak eta, bereziki, Jon Urbieta zuzendariak izandako jarrera txalotzekoa izan dela nabarmendu du, “kultur etxearengatik izan ez balitz ezinezkoa izango zelako jaiak ospatzea”. Ordea, Donostiako Festak sailak izandako jarrerarekin haserre agertu da jai batzordekoa: “Donostiako Festakek izandako jarrera oso negatiboa izan zen. Guk beste jai planteamendu batzuk aurkeztu genizkien, baina erantzuna ezezkoa izan zen denbora guztian. Horren aurrean, guk baliabideak eta ideiak genituenez, gure kabuz zerbait antolatzea erabaki genuen; baina ulertzen dugu beste jai batzorde batzuk ezer antolatu gabe gelditu direla, udalak ez duelako nahi izan”.
Jarraian, Loiolako jaietako iltzearen ehorzketa berezia: