Gipuzkoako 70 ostalaritza establezimendu baino gehiagok Eusko Jaurlaritzak euren arloan hartutako neurriak salatu dituzte
Koronabirusa dela eta, Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarri zituen ekainaren 18an, besteak beste, ostalaritza establezimendu guztien ordutegia 1:30era mugatzea, horrela gaueko aisia mugatzeko. Neurriak hautsak harrotu ditu, eta Gipuzkoako ostalariak elkartzen hasi dira, murrizketak salatzeko eta irtenbide egoki bat eskatzeko. Astearte eguerdian egin dute lehenengo agerraldia, Donostiako Bulebarrean, eta Gipuzkoako 70 ostalaritza establezimenduk baino gehiagok sinatutako adierazpena irakurri dute.
Neurri horien ondorioz, “gaueko ostalaritzan lan egiten duten negozioak jarduera ekonomiko handiena duten orduetan lan egin ezinik” gelditu direla nabarmendu dute, eta askok itxi behar izan dutela. Era berean, egoera horrek “zuzeneko eta zeharkako lanpostuen desagertzea, epe labur zein ertaineko ziurgabetasuna eta euskal defizitean eragin negatiboa” sortuko dituela azpimarratu dute. Bizi duten egoera “oso larria” dela esan dute, eta horrela jarraituz gero, gaueko zein eguneko taberna askok eta jatetxe askok itxi egin beharko dutela salatu dute, horrek hornidura ematen dieten enpresei ere eragiten diela gogoratuz. Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak “arrazoirik gabekoak” direla nabarmendu dute, oraingoz ez delako frogatu “gaueko ordu horietan sortu daitekeenik SARS-COV2 gaitzaren hedapena eragingo duen iturririk”. “Babes neurriak betetzen dituzten tabernak ixteak, jendea leku desegokietan biltzea dakar, etxeetan zein plazetan”, gaineratu dute.
Bestalde, Donostiako Udalak ohiko Aste Nagusiaren ordez antolatutako abuztuko programazioa kritikatu dute ostalariek: “Arduradunek edukiera kontrolatuko dute, baina zeinek zaindu eta behatuko ditu txarangen atzetik joango diren guztiak?”. Era berean, ostalaritza establezimendu batean kasu positibo bakar bat emateagatik taberna ixtea ere gaitzetsi dute neurri hori aplikatzen den sektore bakarra delako eta ez direlako aintzat hartzen gainerako langileen PCR proben emaitzak, nahiz eta negatiboak izan. “Eusko Jaurlaritzak aipaturiko neurriak ezinbestekotzat jotzen baditu, horiek sektore guztietan aplikatzea exijitzen dugu. Positibo baten ondorioz tabernak ixten badira, zergatik ez elizak, merkataritza guneak, enpresa handiak, udaletxeak edo komisaldegiak?”, salatu dute. Prebentzio neurriak ere –bezeroek ukitzen duten guztiaren desinfekzioa, eta abar– ostalaritzan soilik exijitzen dituztela gogorarazi dute, eta horiek TAO zerbitzuan, garraio publikoan, osasun zentroetan eta udaletxeetan ere hartu beharko liratekeela azpimarratu dute.
Horregatik guztiagatik eta bizi duten egoera zailaren aurrean, “ahalik eta epe laburrenean” honakoa eskatu diete erakundeei: murrizketen iraupenaren inguruko informazioa emateko –azaldu dute ez dakitela noiz arte egongo diren indarrean neurri horiek, erakundeak ez baitira beraiekin harremanetan jarri–, konpentsazio ekonomikoak emateko, langileen epe baterako enplegua erregulatzeko espedienteak luzatzeko eta arautegia betetzen duten enpresa txikiekin malguak izateko.
Ostalariek azaldu dute euren kabuz elkartu direla eta ez Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen bitartez, eta mobilizazioak egiteko asmoa dutela iragarri dute. Honakoak dira adierazpenarekin bat egin duten establezimenduak, orain arte: Donostiako Minuto y Medio, The Hole, Belea Taberna, Egarri, Dakara, Spot, Uraitz, Sariketa, Larra Taberna, Herria, Parranda, Aurresku, Hamabost, Chopper Bar, Iguana Taberna, Belfast Irish Taberna, Txiki, Bar Sport, Urraki, Perku, Topo Bide, Orbela, Ontziola, Txurrut, Harpe, Mimos, Be Club, Ok., Doctor Livingston, Bar Avenida Trintxerpe, La Cepa, Ensantxe, La Morotxita, Marruma, Artizar, Txistu, Ordizi Taberna, Kai Taberna, Eibartarra, Ilargi, Doka, Ciaboga eta Argintz Taberna; Lasarteko Arkupe Taberna, Siglo 20, Ilargi, Bronx, Insausti, Tiburzio-Artizar, Zumaburu, Remember, Oshun, Eguzki, 2 Kn, Iñaki, Hiru Aldeta, Izkiña, Abend, Genesis, Bar Yolanda, Usoak Pub, Oreka Taberna, Mendi Kafe Bar, Bar Peña, Garoa Taberna, Jalgi, Caddie, Oria Txiki, Escalerillas eta Goiz-argi; Andoaingo Txindoki; Anoetako Cheyennes Salon eta Oreretako Ostalaritza Elkartea, hau osatzen duten establezimendu guztiekin.