Haurtxoko eta gaztelekuen zerbitzua irailean berrabiarazteko, presazko espedientea onartu du udalak
Donostiako Udalak Aieteko, Altzako, Amarako, Antiguako, Bidebietako, Egiako, Groseko, Intxaurrondoko eta Martuteneko haurtxoko eta gaztelekuetako eta Etxarriene Zentroko zerbitzuak presaz kontratatzeko espedientea onartu du. Koronabirusak eragindako alarma egoeraren ondorioz, hiriko haurtxoko eta gaztelekuetako kontratuak eten egin zituzten, baina udalak azaldu duenez, irailean zerbitzua berrabiarazi behar dute. Horregatik, eta zerbitzuaren lizitazio berria izapidetzen jarraitzeko astirik ez dagoenez, prozedura presaz egitea onartu dute.
Kontratazio espedientearen hasierako aurrekontua 1.063.505 eurokoa da eta hamar hilabeteko iraupena du (2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era arte), baita bi luzapen egiteko aukera ere.